‘Hau bizipoza! / ¡Que viva la vida!’ ekimena aurkeztu du Jai Batzordeak

Kultura 2020-07-17 | 0

Ekainaren amaieran adierazi zuten Jai Batzordeak eta Udalak Madalenak bertan behera uztearen erabakia. Ez zen erabaki erraza izan hartutakoa eta hala eman zuten jakitera: “Guztiok maite ditugu Madalenak, baina bizi izan dugun eta oraindik bizitzen ari garen egoera aintzat hartuta, guztion osasunaren mesedetan, elkar zaintza lehenetsi behar dugu. Topaketa sozial jendetsuak saihestu behar ditugu eta honek talka egiten du Madalenen helburuekin, baita ohiko jai molde eta jaien izaerarekin ere”.

Aitzitik, lanean jarraitu dute eta herritarrei eskaintzeko hainbat ekimen landu dituzte ilusioz ‘Hau bizipoza! /¡Que viva la vida!’ lelopean.

Uztailaren 21etik 25era herribizia.errenteria.eus/haubizipoza orrialdean lehio bat zabalduko dute horren erakusgarri. Bertan Jai Batzordeko kideek ilusioz eta konbentzimendu handiz prestatutako bideoa dago ikusgai Aizpea Otaegi alkatearenakin eta Xanti eta Maialen erraldoienarekin batera.

Era berean, egun horietan zehar hainbat eragilek grabatutako saioak ere ikusi ahalko dira besteak beste.

Halaber, egun horietan herriko hainbat lekutan hiru erakusketa izango direla jakinarazi dute. Hala, Erdiguneko plaza eta kaleak eta baita Gabierrota pasealekua ere erakusketa gune bilakatuko dira Xenpelar Etxearekin batera.

Lan guztia egina dute, jada, eta hala aurkeztu zuten, atzo, hilak 16, udal korporazioko kideekin batera prentsa aurrean. “Aurten ezingo ditugu Madalenak ospatu baina datorren urtean guztiok jaiez gozatuko dugu berriz ere, aurtengoan jarrai dezagun jarrera arduratsua erakusten, arduraz jokatuz eta elkar zainduz”, esan dute.

Bukatzeko konfinamendu garaian sortutako dinamikari jarraituz eta egun berezi hauek guztion gogora ekarriz, etxeetako balkoi zein lehioak eta erakuslehioak apaintzeko deia egin diete herritar zein merkatariei.

No comments yet.

Utzi erantzuna