Udalak eta Ostari Elkarteak ordutegi murriztuagoak adostu dituzte Madalenetako egunetarako eta erantzunkidetasunera dei egin dute kutsatzeak saihesteko

Udal komunikabidea 2020-07-17 | 0

Uztailaren 21etik 25era, Madalenetako egunetan, ostalaritza-establezimenduek tabernak itxi eta terrazak jaso beharko dituzte 01:00etan.

Udalak erantzunkidetasun kolektiboa eskatU du, elkarren arteko zaintza lehenesten jarrai dezagun, eta lanean ari direnekin arauak betetzeko elkarlanerako jarrera izan dezagun.

Duela egun batzuk Jai Batzordeak eta Errenteriako Udalak egindako agerraldi publiko batean, Madalenak bertan behera utziko zituztela adierazi zuten, elkartze sozial jendetsuak saihesteko eta osasuna eta elkarren artean zaintzea lehenesteko.

Egoerak ez du hobera egin, Gipuzkoako hainbat udalerritan berragerpenak eta foku berriak sortzen ari dira. Eta nahiz eta ez garen, beste batzuekin alderatuta, orain arte Covid-ak eragin esanguratsurik izan duen udalerria, kezkaz ikusten dute Udaletik Gipuzkoako hainbat puntutan gertatzen ari den egoera, are gehiago, datozen datak direla eta. Horrexegatik, arduraz jokatzen jarraitzeko deia egin du, unean-unean ezartzen diren osasun-arauak betez, kutsatzerik gerta ez dadin.

Madalenetako datetarako gure ohiturak birpentsatzea eta egokitzea

Egun hauetan, nahiz eta Madalena jairik ez egon, Udala jabetzen da herritarrek hainbat egitasmo, afari eta bestelakoak izango dituztela. Gozamenari eta ospakizunari tokia ukatu gabe, osasunagatik eta ardura kolektiboagatik beharrezkoa izango da plan eta topaketa horiek berriz pentsatzea eta bizitzen ari garen egoerara egokitzea.

Osasun Sailak aste honetan bertan argitaratutako dekretu baten bidez badakigu maskara derrigorrezkoa dela eta 10 pertsona baino gehiago elkartzea saihestu behar dugula. Era berean, terrazan lekurik ez duten edo establezimenduaren edukiera gainditzen duten pertsonek ezin izango dute establezimenduaren sarreran zutik kontsumitu.

Ostari ostalaritza elkartearekin adostutako ordutegiak

Aipatutako neurriez gain, Udalak ohikoak baino murriztaileagoak izango diren itxiera ordutegiak adostu ditu Ostarirekin. Uztailaren 21etik 25era, ostalaritza-establezimenduak 01:00etan itxi eta terrazak bilduko dira.

Udalak azpimarratu eta balioetsi nahi du Ostari eta udalerri honetako establezimenduak herri honetan bizi garenon osasunarekin erakusten ari diren konpromisoa, nahiz eta pandemiak beren negozioen bideragarritasunari eragin, eta establezimenduetan egoera horren eguneroko kudeaketak dakartzan zailtasun gehigarriak tarteko.

Herritarren erantzukizunerako deia

Hori guztia kontuan hartuta, Udalak herritarrei dei egiten die egun hauetan dena ondo atera dadin, ezarritako arauak errespeta ditzaten, uneoro arduraz joka dezaten eta lanean ari direnei lagun diezaieten.

Herritarrek bete behar dituzten arauak ezagutzen dituztela ziurtatzeko, kartel bat egin du Udalak, eta ostalariek beren establezimenduetan jarri ahal izango dute hurrengo egunetan.

Udaltzaingoak, halaber, arreta berezia jarriko du arau horiek errespetatuak izan daitezen.

Ikus Ostari elkarteak zabaldu duen oharra.

No comments yet.

Utzi erantzuna