Jolas-parke berria erdiguneko Txirrita parkean: haurrek diseinatutakoa egi bihurtuta

Eneko Del Amo, Hirigintza zinegotzia, Itziar Ostolaza, Hezkuntza zinegotzia, Maite Gartzia, Gazteria zinegotzia.

Unibertsoan oinarritutako iruditegiarekin eremu hezitzaile, inklusibo eta dibertigarria diseinatu da, jolasaz modu seguruan gozatzeko esparru librea

2017 urtean Marea Gora Errenteriako haur eta gazteen plan estrategikoaren partaidetza prozesuaren bidez, herriko ikastetxe guztietako eta aisialdi elkarteetako 4-12 urte bitarteko 2.000 haurrek parte hartu zuten Txirrita parkearen diseinuan.

Haurrak, lehen aldiz, espazio publiko bat diseinatzen jarri izana esperientzia berri bezain aberatsa izan da Errenteriako Udalarentzat. Adin-tarte bakoitzaren errealitatera egokituta metodologia parte-hartzaileez baliatuz, herritar gazteenen ahotsa entzun eta errealitatera eramatea lortu da; ametsetako jolas-parkea egi bihurtzea.

Urtarrilaren 7an abiatu ziren parkearen eraberritze obrak eta bukatutzat eman dira. Beraz, gaurtik aurrera, haurren eskura egongo da jolas-parkea.

Jolas-eremuak hiru espazio ditu:

• Bata 0-4 urteko haurrei bideratua, esperimentaziorako gunea izango dena, ura, harea eta labirintoarekin.

• Bigarrena, 4-8 urte bitartekoei zuzendutakoa, psikomotrizitate-ariketak ardatz dituena.

• Eta azkena, 8-12 urte bitartekoei bideratutakoa, toboganekin eta elkartzeko espazioekin hornitutakoa.

Joko-elementuen materialari dagokionean, elementu organikoak hobetsi dira, inguru atsegina helburu izango duen diseinuarekin.

Interbentzio honek, herri hezitzailearen bidean, haurren neurrirako herria eraikitzeko apustuan sakontzea du helburu. Baina, era berean, Txirrita parkearen eraberritze prozesuan inflexio puntu izan da, dagoeneko egikaritu den Emakumeen Etxearen eraikuntzari jarraipena emanaz.

Irekiera jaia

Errenteriako Udalaren nahia da jolas-parkea prozesuan parte hartu zuten haurrekin irekitzea. Baina, bizi dugun osasun larrialdia tarteko, ezinezkoa izango da datozen egun eta asteetan horrelako jaialdia antolatzea.

Ondorioz, gaurtik aurrera jolas-parkea irekita egongo bada ere, udazkenean irekiera jaia antolatzea aurreikusi du Udalak herriko ikasetxeekin elkarlanean.

Belarra hazten ari den eremuak, hesituta

Eremu batzuk hesituta daude eta oraindik ere ezin dira erabili, berta belarra hazten ari baita. Erabaki da hazi arte ez itxoitea eta dagoeneko parkea irekitzea umeek udan disfrutatu ahal izan dezaten.