‘11 etxe eta kolore’ argazkien eta mikrokontakizunen erakusketa, Gabierrotako pasealekuan ikusgai

Erakusketa ‘Hau bizi poza!’ ekimenaren testuinguruan antolatu du Udalak.
Bertan, nazioarteko kultur aniztasunaren eguna dela eta udalerriko DBHko 3 ikastetxetako (Koldo Mitxelena, Cristobal de Gamon eta Telleri-alde) ikasleek konfinamenduan zehar beren etxeetan eta etxeetatik egindako argazkiak eta mikrokontakizunak daude ikusgai.

Hain zuzen ere, on-line bidezko modulu bat egin osteko emaitza dago ikusgai Gabierrotako pasealekuan gaurtik abuztuaren 4ra bitarte. Ikasleek etxeko txoko, objektu edo pertsonaia esanguratsu bat edota etxetik ikusten dena sormenez irudikatu eta hori testuz osatu dute, kulturarteko ikuspegi batetik. Gainera, erakusketan joko bat proposatzen da argazkien eta mikrokontakizunen inguruan hausnarketa sustatzeko asmoarekin.

Parte hartu

Ikasleek landu zuten modulua zabalik dago parte hartu nahi duenarentzat. Hau da, formazio laburra egiteko aukera dute herritarrek eta aurrerago erakusketa birtuala osatuko da lanekin. Hona hemen modulua egiteko webgunea: www.11etxekolore.net

Segurtasun neurriak

Osasun krisiaren testuinguruan, eta kale eskaintza bat den heinean, herritarren ardura eskatzen da. Esaterako, segurtasun tartea mantentzea eta garbitasun neurriak jarraitzea.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten guztiei.