Ostalaritza sektorera bideratutako sentsibilizazio kanpaina batek Errenteria bisitatuko du bihar Covid-19ak eragindako pandemia eteteko neurriak sustatzeko

• Dinamizatzaile talde batek Errenteriako Zumardia bisitatuko du 23:00etatik 1:00etara, indarrean dagoen osasun araudiaren inguruko azalpenak emateko

• Era berean, musukoak banatuko dituzte herritarren artean

Dinamizatzaile talde batek Errenteria bisitatuko du biharko, abuztuak 7ko, gauean. Bisitaren helburua herritarrak eta ostalaritza sektorea sentsibilizatzea da COVID-19ak eragindako pandemia eteteko hartu behar diren neurri higieniko-sanitarioak modu egokian betetzeko. Kanpainak Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendaritzak eta Euskadiko hiru lurraldeetako ostalaritza elkarteek urtero sinatutako elkarlanerako hitzarmena du abiapuntu, eta Gipuzkoan Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gidatuko du.

Taberna guneak bisitatuko dituzte, jende pilaketa gehien jasotzen duten herriko kaleak. Bi lagun ariko dira gaueko 23:00etatik 1:00etara; denbora tarte horretan herritarrak, ostalariak eta hauen bezeroak informatzea izango dute xede, indarrean dagoen osasun araudia behar bezala betetzeko. Batez ere, musukoaren erabileran -ostalaritza eremuko kontsumo garaian, eta baita eremutik kanpo ere-; distantzia soziala bermatzeko irizpideetan; eskuetako garbitasunean; edota talde-kopuruan, hamarreko muga ez gainditzeko, jarriko du fokua. Era berean, herritarren artean musukoak banatuko dituztela aurreratu dute.