Beraungo kirolgunearen obraren bigarren fasea 2021eko udan egingo dute, kirolariei kalterik ez egiteko

Beraungo kirolgunea, birgaitze lanak hasi aurretik

Beraungo Estadioan tamaina handiko obra egiten ari dira hainbat fasetan. Lehenengoa (atletismo-pistako iparraldeko kurbaren estalkia) dagoeneko amaitua dago eta, besteak beste, euria egiten duen egunetan atletismoa teilatupean praktikatzeko aukera emango du, bai ikasleentzat, bai herritarrentzat oro har.

Bigarren faseak atletismo pista konpontzea eta 11 futbol zelaia metro batzuk lekuz aldatzea aurreikusten du, egun dauden bi entrenamendu zelaiez gain, hirugarren bat lortzeko helburuarekin.

Obraren bigarren fase hori 2020ko udarako egitea zegoen aurreikusita, baina Covid-19ren ondorioak direla-eta, atzerapena izan du, eta ezin izango da 2020ko urria baino lehen hasi, gutxi gorabehera. Litekeena da data horietan futbol-lehiaketak normaltasunez jokatzen aritzea, modu kontrolatuan eta segurtasun eta higieneko protokolo guztiak jarraituta, eta horregatik ezinezkoa izango litzateke instalazioa erabiltzen duten talde guztiak birkokatzea, kirolari horiei guztiei kalte handia eraginez.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udaleko Kirol Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta, bigarren fase hori 2021eko udara arte atzeratzea erabaki du.