Gailur tabernak berriro ireki ditzake ateak, horretarako osasun bermeekin

Gailur taberna itxita egon da apirilaren 6tik, ostegunetik, Covid-19ren kasu bat atzeman baitzuten langileen artean, Donostiako Ramuntxo Berri tabernaren fokuarekin lotuta.

Itxi ondoren, langile guztiek egin dituzte PCR probak, eta, gainerako langile guztiek negatibo eman eta establezimendua desinfektatu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzak eta Udalak konfirmatu dute ateak berriro ireki ditzaketeela.

Kutsadura bat ematen denean lehendabizko egitekoa da aztertzea kutsatutako langilearekin harreman estua zein langilek izan duten eta, oporrak edo txandak tarteko, adibidez, zeintzuk ez duten izan.

Une honetan, kutsatutako pertsonarekin harreman esturik izan ez eta PCR proban negatibo eman duten langileek bakarrik ireki dezakete berriro establezimendua. PCR proban negatibo eman arren, kutsatutako langilearekin harreman estua izan duten langileek berrogeialdian egon beharko dute, eta bigarren PCR proba eginda negatibo eman beharko dute lanera itzuli ahal izateko.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie tabernako arduradunei azkar eta erantzukizunez jokatu dutelako. Tabernaren arduradunek establezimendua itxi egin zuten langile batek Donostiako agerraldiarekin harremana zuela ohartu bezain laster, erakundeen agindurik jaso aurretik. Bestalde, eskertzekoa da sare sozialen bidez informazioa gardentasunez emateko ahalegina ere.

Gailur tabernako bezeroei lasai egoteko deia

Gailur tabernako 6 langileetatik bakarra kutsatu den neurrian, Osasun Publikoak ez du kutsadura komunitariotzat jotzen bertan gertatutako eta, ondorioz, ez ditu beharrezko jotzen bezeroen PCR probak.