Alabergako igogailua berriro martxan dago

Alaberga beheko igogailua berriro martxan dago. Igogailu hori hainbat astez egon da geldirik matxura garrantzitsu baten ondorioz. Konponketarako behar izan diren materialen hornidura izan da atzerapena eragin duena; izan ere, oso pieza espezifikoak dira eta ez dira stockean izaten. Azkenik, beharrezko piezak fabrikatu eta jaso ondoren, hiri-igogailuen mantentze-lanen enpresa esleipenduneko langileek konpondu egin dute eta inguruko bizilagunentzako hain garrantzitsua den igogailua herritarrek erabiltzeko moduan dago berriz ere.

13 igogailu herrian, pertsonak eta auzoak konektatzeko giltzarri

Udalak garraiobide honen aldeko apustu argia egin du azken urteetan, eta dagoeneko 13 dira egunero errenteriarren mugikortasuna errazten duten igogailuak. Berriena Beraunen inauguratu da duela gutxi: Beraun kalea Jesus Guridi kaleko 11. zenbakiarekin lotzen du, eta Jesus Guridi kalea Julian Lavillarekin, tarteko geltokiekin.

Hiri-igogailuek herrian garrantzia handia dutela jakina da. Horren erakusgarri da asko erabiltzen direla, batez beste 30.000 bidaia egiten baitira hilean 13 igogailu horietako bakoitzean. Baina igogailuen ahulezia da matxuratzen direnean ezin direla ordezkatu (autobus batekin egingo genukeen modura) eta konponketa-epeei begira enpresek Udalarekin hartutako konpromisoak ezin dituztela beti bete.

Igogailuen mantenua, ongi lotu arren, erabateko bermerik ez

Martxan 6 hilabete baino gehiago daramaten Errenteriako hiri-igogailuen mantentze lanak ThyssenKrupp elevadores SL enpresak egiten ditu. Enpresa horrek bi urteko kontratua hasi zuen iaz, beste bi urtez luza daitekeena. Igogailuen mantentze-lanak urtean 39.552,48 euroko kostua du.

Enpresak, kontratuz, 2 ordutan jo behar du kalteak baloratzera, abisua ematen zaionetik kontatzen hasita, 30 minutu pertsonen erreskate kasuetan.

Kontratuz, igogailuak geldiaraztea eragiten ez duten matxurak gehienez ere astebeteko epean konpondu behar ditu enpresak. Igogailuak zerbitzurik ez ematea eragin dezaketen matxurak, berriz, 48 ordutan konpondu behar dira. Begi bistakoa denez, batzuetan, oraingo honetan bezala, ezin izaten da konponketa momentuan egin. Kasu honetan piezak fabrikatu egin behar izan direla izan da arazoa, bereziak direlako.

Udala jakitun da igogailuak gelditzeak herritarrei sortzen dizkien eragozpenez, eta horregatik, egunero egiaztatzen du herriko 13 igogailuek funtzionatzen dutela, bai mantentze-lanez arduratzen den enpresaren bidez, baita auzoetako udaltzainen bidez ere. Matxura bat dagoenean gertuko jarraipena egiten zaio mantentze-lanez arduratzen den enpresarekin eguneroko harremana mantenduz. Kontratuz ere, konponketak ahalik eta azkarren egin daitezen baldintzak jarrita daude. Eta, halere, batzuetan ekidinezina da igogailu baten matxura Udalak nahi baino gehiago luzatzea.