Beraungo igerilekua gaur ostiraleko 13:00etan zabalduko dute [GAURKOTZEA]

Beraun | Kirola 2020-08-27 | 0

Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak Errenteriako udalari jakinarazi dio gaur bertan ireki daitekeela Beraungo igerilekua. Ekipamenduaren arduradunek adierazi dute ateak 13:00etan zabalduko dituztela.
Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak irekiera baimena eman du langilegoaren PCR proben emaitzak eta eta instalazioen desinfekzioa gauzatu direla ziurtatu eta gero.
Joan den astearen bukaeran Beraungo igerilekuko langile batek positibo eman zuen Covid-19 autemateko proban. Hori dela eta, osasun protokoloak abian jarri eta ekipamendua itxi zuten.
Horrelako kasuetan beharrezkoa den legez Jaurlaritzaren Osasun sailari eta lan segurtasuneko institutua den Osalani jakinarazi zitzaion langilearen probaren emaitza. Protokolo berean jasotzen den moduan, ekipamendu horretako langile guztiei PCR probak egin zizkieten eta instalazioei desinfekzio tratamendua eman zitzaien.
Kirol ekipamenduaren arduradunek Osasun sailari zein Osalani helarazi dizkiete langilegoaren proben emaitza negatiboen eta desinfekzio lanen txostenak. Informazio hori guztia aintzat hartuta osasun alorreko bi erakunde hauek datozen orduetan Beraungo igerilekua berriro irekitzeko baimena ematearen zain daude arduradunak, segurtasun neurri guztiak bete eta egoerak ahalbidetzen duela ulertzen baitute.
Ordutegia eta itxiera
Asteburu honetan igerilekuak ohiko ordutegiarekin funtzionatuko du; hau da, 10:30tik 21:00 irekita egongo da.
Astelehenean, berriz, ordutegi berria hasiko da, zehazkiago 10:30tik 20:30era. Ordutegi hau hurrengo igandera arte izango da indarrean, izan ere egun hori, irailaren 6a, atari zabaleko igerilekuak egun horretan bukatuko baitu denboraldia.

No comments yet.

Utzi erantzuna