Kontxako banderarako estropadak eta sailkatze estropada herrian bertan ikusteko gomendioa eman dute

Errenteriako Udalak bat egin du Donostiako Udalak egindako eskaerarekin eta gaur, bihar eta datozen bi igandeetan jokatuko diren estropadak Donostiara joan gabe ikusteko deia zabaldu du.
Izan ere, beste udal batzuek bezala, Eneko Goia Donostiako alkatearen gutuna jaso dute herriko ordezkariek. Bertan jakinarazten diote osasun alerta-egoera dela eta, Kontxako Banderako estropadak “ateak itxita” jokatuko direla, eta estropadak egiten diren egunetan estropadez Donostiara joan gabe gozatzeko mezua gure herritarren artean zabaltzeko eskaera egiten zaigu.
Osasun-larrialdi egoera kontuan hartuta, Errenteriako Udalak Donostiako alkatearen eskaera babestu nahi du eta dei bat egiten du irailaren 2, 3, 6 eta 13an, errenteriarrak ez daitezen joan Donostiara herriko traineruak animatzera eta kirol-ikuskizunaz gozatzera, urtero egin ohi duten bezala. Nolanahi ere, hori ez da oztopo estropadez gozatzeko eta alkateak dei egin du Hibaikako bi traineruak animatzeko.