Helduentzako Galtzarabordako eta Fanderiako kirol jardueretan izena-emateko epea zabalik da

Irailaren 28an hasiko diren Galtzarabordako eta Fanderiako udal kirol instalazioetan zuzendutako ekintzetan izena emateko epea zabalik dago.
Zirkulazio askeko jarduera ugari daude ‘Kirol Ekintzak’ programaren baitan, hala uretakoak nola aretokoak. Sarrera askeko formatuan 89 saio presentzial astean (8 saio birtualez gain) eta 22 modalitate desberdin (indoor zikloa, aerobica, zumba, pilatesa, body combat, yoga, …).
Formatu honekin, tarifa bakar bat ordainduta ikastaro guztietara sartzeko aukera dago, mugarik gabe, Galtzaraborda eta Fanderiako Udal Kiroldegietan. Ikastaroak bakoitzaren behar, ordutegi, konpromiso eta abarretara egokitzen dira, eta ez alderantziz. Aukera dago erabakitzeko jarduera batetara noiz joan, zein egun eta ordutan, eta jarduera aldatu edo jarduera desberdinak probatzeko.
‘Kirol Ekintzak’ eskaintzaren barruan ekintza zehatzagoak ere badaude kirol jakin batzuetan norberaren errendimendua edo teknika hobetzeko. Besteak beste, helduentzako ‘Igeriketa Eskola’, zenbait mailatan banatua.
Gainera, denboraldi honetan Trainingym App aplikazioa erabili daiteke, lehenengoz, ‘Kirol Ekintzak’ egitasmoko saioak erreserbatzeko kirol zentrora joan beharrik izan gabe. Horrela, erabiltzaileek telefono mugikorrean aplikazioa jaitsi eta beren entrenamenduetako datuak eskuratu eta beren ekintzak planifikatu ahal izango dituzte. ‘Kirol Ekintzak’ egitasmoko ikastarogileek modu eroso batean antolatu ditzakete asteko jarduerak, eta fitness aretoetako erabiltzaileek ere aplikazio horren funtzioak erabili ahal izango dituzte beren entrenamenduetako aurrerapenak kontsultatu eta monitorizatzeko. Trainingym App aplikazioa doan jaitsi daiteke App Store eta Google Play-en.
Argibide gehiago behar izanez gero, Galtzarabordako (943 449 690) eta Fanderiako (943 344 423) harreretan edo udal web orrian kontsulta daiteke.