Ilunabarreko bisitak bueltan dira Jantziaren Zentroan

Udan gauetan egindako bisitek eragin duten ikusmina eta Jantziaren Zentroak jasotako eskariari erantzunez, irailean eta urrian beste bi bisita berezi antolatu dituzte. Irailaren 12an eta urriaren 3an iluntzeko 22:00etan bisita gidatuak eskainiko dira, bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz.

COVID protokoloak gehienez jota bederatzi laguneko taldeak baimentzen ditu, gauzak horrela, interesa duen edonori lehenbailehen erreserba egitea gomendatu nahi diete antolatzaileek. Horretarako bi dira bideak: Errenteriako turismo bulegora deituta (943 49 45 21) edo mezua idatzita jantziarenzentroa@errenteria.eus helbide elektronikora. Bisitak 5 euro balio du pertsonako.

Uztailean eta abuztuan bina bisita antolatu ziren gauetan. Hasierako hiruretan taldetan gehienez 15 lagunek hartu zuten parte, azkenekoan osasun egoerak aginduta 9ra murriztu ziren taldeak. Orotara 150 lagun baino gehiago pasa da udako lau gauetan Kapitain etxetik. Bisitarien eskaria eta interesa ikusita eskaintza bikoiztu egin zen, talde bat 20.30-22.00 etara eta bestea 22.00-23.30etara, orotara 13 talde osatuz.

Momentuz, iraila eta urrira luzatu dute ilunabarreko bisiten eskaintza. Udazkenean eskaria eta osasun egoera kontutan hartuta erabakiko du Jantziaren Zentroak larunbat gaueko bisitak urte osoko eskaintza bihurtzen ote diren.