Iztietako David tabernak ateak irekitzeko baimena jaso du

Iztieta | Ongizatea 2020-09-10 | 0

Iztietako Donostia kaleko David tabernak ateak berriro zabaltzeko baimena jaso du. Jaurlaritzaren Osasun departamentuak eman die argi berdea desinfekzioaren agiria eta gainerako dokumentazioa aurkeztu eta gero.
Lokalaren jabeek udalari jakinarazi diotenez, gaur goizean albistea jaso eta hurrengo orduetan irekitzeko asmoa zuten.
David taberna itxita egon da azkeneko hamar egunetan, Covid-19ren kasu bat atzeman baitzuten langileen artean. Gogoratu behar da itxiera azkarra eta egokia izan dela jabeek segurtasun protokoloak berehalakoan jarri zituztelako.

Ostalaritzako Covid protokoloa
Ostalaritza establezimenduetan kutsatze kasu bat agertzen denean lehendabiziko egitekoa da aztertzea kutsatutako langilearekin harreman estua zein langilek izan duten eta, oporrak edo txandak tarteko, adibidez, zeintzuk ez duten izan.
Kutsatutako pertsonarekin harreman esturik izan ez eta PCR proban negatibo eman duten langileek bakarrik ireki dezakete berriro establezimendua. PCR proban negatibo eman arren, kutsatutako langilearekin harreman estua izan duten langileek berrogeialdian egon beharko dute, eta bigarren PCR proba eginda negatibo eman beharko dute lanera itzuli ahal izateko.
Era berean, establezimenduaren arduradunek lokala desinfektatu beharko dute. Lan hori kontratatutako enpresa batek edo establezimenduko langileek egin ahal izango dute, beti ere, Covid-19 protokoloan horretarako baimendutako produktuak erabilita.

No comments yet.

Utzi erantzuna