Irailaren 16tik 22ra egingo da Europar Batasun osoan Europako Mugikortasun Astea. Europako Batzordeak aurtengo kanpainarako aukeratu duen gaia “Emisiorik gabeko mugikortasunaren alde” da. Gai honek 2050erako ikatz-isurketen neutraltasuna lortzeko asmo handiko helburua islatzen du, Europako Itun Berdean jasoa.
Mugikortasun-astea herri mailan Trafiko, Kirol eta Ingurumen Sailek antolatu dute elkarlanean, eta hirian autoa irrazionalki erabiltzeak osasun publikoan zein ingurumenean dituen ondorio kaltegarriez sentsibilizatzeko eta garraiobide jasangarriagoak (garraio publikoa, bizikleta eta oinezko bidaiak) erabiltzeak dakartzan onurak agerian jartzeko kanpaina da.
Gainera, gogora ekarri behar da Errenteriako Udalak 2016an “Oinezko eta Bizikleta bidezko Mugikortasun-plana (2016-2025)” onartu zuela, bizikleta eguneroko garraiobide gisa sustatzeko helburuarekin. Bertan jasotzen diren neurrien bidez, bizikletaren erabilera % 1etik % 5era handituko da, eta egungo 12 km-tik 25 km-ra igoko da bizikleta sarea.
Eurupar Batasuneko udalerri askoren artean antolatutako beste ekitaldi batzuekin batera, Errenteriako Udalak aurten bi ekitaldi antolatu ditu ostiralean, hilak 18, Gamon Zumardian: (1) bigarren eskuko bizikletaren merkatua, eta (2) mugikortasunari buruzko bi tailer (serigrafia eta birziklapena). Parte-hartzaileen gehiegizko pilaketak saihesteko eta COVID-19a dela eta, aurten ez dira Bizikleta Jaia eta Bide Berdeen Eguna (martxa Arditurri bidetik) ospatuko.
Udal ekimena
Eta, gaur egin duten prentsaurreko honen elementu nagusi gisa, Udalak Mugikortasun Astea aprobetxatu du “Udalak bizikleta hiri-mugikortasunerako bitarteko gisa erabiltzea bultzatzeko ekimena” ezagutarazteko. Pandemiaren agertoki horretan bizikletaren erabilerari bultzada berri bat emateko, Errenteriako Udalak hamaika jarduera-ildo garatzea proposatu du:
−Bizikletari lotutako bide-azpiegitura indartzea eta babestea
−Udaleko lanerako eta lanean mugikortasuna
−Lanerako mugikortasuna udalerrian
−Herri barneko salgaien garraioa
−Eskola-mugikortasuna
−Aisialdia eta gizarte-harremanak bizikletaz
−Bizikletari lotutako tokiko merkataritza bultzatzea
−Bizikletari lotutako herritarren prestakuntza
−Indarrean dagoen oinezkoen eta bizikleten udal-plangintza berrikustea eta garatzea
−Oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari buruzko sentsibilizazio iraunkorreko ekintzak
−Bizikletentzako aparkalekuen udal sarea handitzea
Serigrafia Tailerra eta Bizikleta piezak Berrerabiltzeko Tailerra
Udalak antolatutako tailerrak irailaren 18an izango dira, 16:00etatik aurrera, Zumardian.
Tailer hauek doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.
SERIGRAFIA TAILERRA
Hasiera batean partaidetza-tailer gisa planteatu bazen ere, COVID-19ak eragindako egungo egoera dela eta, eta jendearen segurtasuna bermatze aldera, tailerra “erakustaldi-tailer” gisa egingo da; horrela, serigrafian oihalaren gainean inprimatzeko teknika (poltsa) nolakoa den ikusi ahal izango da, eta ondoren poltsak bertaratutakoen artean banatuko dira. Jardueraren logotipo korporatiboa inprimatuko da.
Erakusketa-tailerra perimetratutako espazioaren barruan egingo da. Tiketak banatuko dira nahi dutenek tailerra barrualdean ikus dezaten, segurtasun-distantzia bermatuz. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea eta sarreran hidrogela aplikatzea esparruaren barrura sartzeko.
BIZIKLETAK BIRZIKLATZEKO TAILERRA
Bizikleta batetik edo haren piezetatik abiatuta, beste objektu batzuk egiten dira, piezei beste erabilera bat emanez.
Erabiltzen ez diren bizikletak edo hainbat eratako piezak erabiliko dira: udal-gordailua, bizikleta-materiala konpontzeko/saltzeko tailerrak, tailerrean parte hartzen dutenek ekarritakoak. Beste material batzuk: egurra, torlojuak, garbigailuak, trapuak…
PREBENTZIO-PROTOKOLOA
COVID-19ak gaur egun sortzen duen egoera dela eta, tailerra egiterakoan beharrezko neurri guztiak hartuko dira kontuan urruntzeari, maskara erabiltzeari eta hidrogelari dagokienez.
Jarduera-protokolo hau ezartzen da:
• Nahitaez erabili behar da maskara eta eskuak desinfektatu behar dira barrutira sartzean eta bertatik irtetean.
• Lantegi-espazioa mugatuta egongo da, eta bertan sartuko diren pertsonak bakarrik sartuko dira.
• Parte hartzeko tiketa jaso beharko da, tailerra egiteko ordua adierazita.
• Denbora-tarte bakoitzean 12 pertsona baino ez dira sartuko esparrura, 6ko blokeetan banatuta. Bloke horietako bakoitza mahai batean egongo da.
• Denbora-txanda bakoitzak 20 minutu iraungo du, eta 5-10 minutuko tartea egongo da txanden artean materiala desinfektatzeko eta mahaiak jartzeko.
• Pertsona bakoitzak, oro har, partekatu gabeko materiala izango du. Erabiltzen diren erremintak desinfektatu egingo dira trukatu aurretik.
• Denbora honela banatuko da:
• 16:00-17:30: serigrafia erakusteko tailerra. Ondoren jendearen artean banatuko diren poltsen serigrafia.
• 17:30-18:00: bizikletak birziklatzeko tailerra prestatzea eta desinfektatzea.
• 18:00-18:30: parte-hartzaileen 1. txanda
• 18:30-19:00: parte-hartzaileen 2. txanda
• 19:00-19:30: parte-hartzaileen 3. txanda
• 19:30-20:00: parte-hartzaileen 4. txanda
Txostena hemen deskargatu dezakezu.