Beraungo Kirolguneko atletismo pistaren Mendebaldeko bihurguneko estalkiak neguan ere erabiltzea ahalbidetuko du

Beraungo Estadioan tamaina handiko obra egiten ari dira gaur egun, hainbat fasetan.

Lehenengoa (atletismo-pistako medebaldeko kurbaren estalkia) dagoeneko amaitua dago eta, besteak beste, euria egiten duen egunetan atletismoa teilatupean praktikatzeko aukera emango du, bai ikasleentzat, bai herritarrentzat oro har.

Zehazki, atletismo-pistaren bihurgunea eta futbol-zelaiaren mendebaldean geratzen den bihurgune erdia estaltzea izan da obraren helburua, 1.560 m2-ko azalerarekin. Metalezko egitura baten bidez egin da, zuriz lakatutako altzairuzko pilare eta zertxa arinekin. Estalkia eta alboko isurkiak polikarbonatozko plaka zuriekin amaitu dira. Barnealdeko altuera librea 7 metrokoa da.

Obraren zenbatekoa, guztira, 720.180,61 eurokoa izan da. Obra egin duen enpresa CONSTRUCCIONES MOYUA, S.L. izan da. Proiektu teknikoa Beldarrain estudioak idatzi du, Udalak deitutako lehiaketaren irabazleak.

Lanek bederatzi hilabeteko iraupena izan dute, 2019ko abenduan hasi eta 2020ko uztailean amaitu baitziren.

Bigarren faseak atletismo pista konpontzea eta 11 futbol zelaia metro batzuk lekuz aldatzea aurreikusten du, egun dauden bi entrenamendu zelaiez gain, hirugarren bat lortzeko helburuarekin.

Obraren bigarren fase hori 2020ko udarako egitea zegoen aurreikusita, baina, hainbat arrazoirengatik atzerapena izan du eta ezin izango da urria baino lehen hasi. Litekeena da data horretan futbol-lehiaketak normaltasunez jokatzen aritzea, modu kontrolatuan eta segurtasun eta higieneko protokolo guztiak jarraituta, eta horregatik ezinezkoa izango litzateke instalazioa erabiltzen duten talde guztiak birkokatzea, kirolari horiei guztiei kalte handia eraginez.

Horregatik guztiagatik, Errenteriako Udaleko Kirol Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin koordinatuta, bigarren fase hori 2021eko udara arte atzeratzea erabaki du.

Birgaitzeko obra horiek Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2017/2020 Kirol Ekipamenduen Planaren barruan daude, 480.000 euroko diru-laguntzarekin obra osorako.