Madelon saien ipuinen bilduma ilustratua eskuragarri dago udalaren webgunean

Duela egun gutxi “Madelon sariak. Ipuin sarituen bilduma ilustratua” obra aurkeztu zuten Merkatuzarren.
Nerea Izagirrek zuzendu zuen ekitaldia, modu atsegin eta konplizean parte-hartzaileei bidea emanez.
Xanti Altxuren 61. urtebetetzea izango zen hura gogoratzeko lehen hitzak Aizpea Otaegi alkatearenak izan ziren; hain zuzen ere, literatur lehiaketetan parte hartu zutenei, obraren ilustratzaileei, EHGAMi eta gainerako laguntzaileei eskerrak emateaz gain, Francisen hilketaren ondoren, 1979an, guztien eskubideen berdintasunaren alde borrokatu eta borrokan jarraitzen duten pertsonen lana goraipatu nahi izan zuen.
Horrez gain, Mikel Martinek EHGAMen izenean, Ibon Egañak epaimahaikide gisa bi ediziotan eta lana ilustratu eta maketatu duen Txakur Gorria sormen kolektiboko Malen Amenabarrek parte hartu zuten.
Azken mintzaldia Imanol Minerrena izan zen, Errenteria LGTB+ Mahaiaren ordezkari gisa. Errenterian egindako ErreferenteEkin LGTBI+ errealitateari buruzko diagnostikoaren ondoren sortu zen, eta politika publikoetan LGTBI+ eskubideak ezartzen saiatzeko bitarteko gisa duen eginkizuna definitu zuen.
Omenaldia egin zitzaion Xanti Vicente Altxuri, eta Iñaki Queralt LGTBI+ politiketarako zinegotziak lore sorta eta obraren ale bat eman zizkion Madelonen anaiari, Patxiri, familiaren ordezkari gisa. Hunkituta, esker oneko hitzak eman zituen, eta gaur egun oraindik diskriminatuta dauden pertsonen sufrimendua saihesteko borrokan jarraitu behar dela gogorarazteko aprobetxatu zuen.
Ekitaldiak amaiera hunkigarria izan zuen Ibon Egañak Juanjo Olasagarrek ekitaldian parte hartzeko bidalitako “Galdutako haurtzaroa” argitaratu gabeko poemaren irakurketari esker. Olerkiaz aparte, Juanjok lan honetan parte hartu du literaturako LGTBI+ rolei buruzko hitzaurre gogoetatsu bat landuz.
Errenteriako Udalak argitaratutako liburu hau LGTBI+ Mahaiaren ekimen gisa sortu da, eta EHGAMen laguntzari esker. Argitalpen hau 2020an argitaratu da, Errenteria hiribildua eratu zenetik 700 urte betetzen duen honetan.. Errenteriako Udalak argitaratuta, Txakur gorria kolektiboak maisuki maketatu eta ilustratua, Errnteriako LGTBI+ mahaiak bultzatuta eta EHGAMen laguntzari esker gauzatu da.
Erakunde, kolektibo eta pertsona interesatuen artean doan banatuko diren paperezko 400 aleez gain, www.errenteria.eus webgunean ere eskuragarri egongo da formatu irekian, udal argitalpenen atalean.
Ale bat paperean eskuratzeko interesa dutenek Emakumeen Etxera (Txirrita Parkea, zk.g 943 449 630
emakumeenetxea@errenteria.eus
Ordutegia: 9:00-13:00 al. eta or,; 16:00-20:00 as., az. eta og.) joan beharko dute edo Errenteriako LGTBI+ mahaiarekin harremanetan jarri.
Liburu hau osatzen duten kontakizunak EHGAMek (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) 14-25 urteko gazteentzat antolatutako literatur lehiaketaren sei deialdietan (2009-2018) saritutako idatziak dira.
Ekimen honen bidez, kolektibo honen errealitatea ikusarazten jarraitu nahi da, eta Santiago Vicente Altxu Madelonek EHGAMen militantzia osoan, 2006an hil zen arte, egin zuen lan garrantzitsua gogorarazten jarraitu nahi da.