Errenteriako Musika Bandak Jose Maria Iparragirre eta Xabier Lete omenduko ditu kontzertu batekin igandean

  • Gonbidapenak dagoeneko eskuragarri daude Niessengo leihatilan

Covid-19k ezarritako egoerara egokitutako kontzertu formatuarekin, Errenteriako Musika Bandak omenaldi bikoitzarekin ekingo dio denboraldi berriko bigarren kontzertuari. Batetik, Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta, bestetik, Xabier Lete poeta eta kantautorearen 10. urteurrena.

Hitzordua urriaren 4an, igandean, izango da, 12:30ean, eta ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea Niessengo leihatilan.
‘’Iparragirre 200 Urteurrena. Iparragirre – Lete solasaldian’ kontzertuak, gure poeta eta kantautore handienetako bi aurkeztuko dizkigu, bere konposizioetan zehar. Oraingo honetan Aitor Mitxelenak zuzenduko duen Errenteriako Musika Bandarekin batera, Mikel Markez kantautore errenteriarra eta Aitor Albistur eta Xamoa bertsolariak arituko dira.

2020ko denboraldiaren bigarren zatia

Irailaren 20an eman zion Musika Bandak hasiera Covid-19ak markatutako 2020 denboraldiaren bigarren zatiari. Denboraldi zeharo ezberdina, eta ahalegin handia egitera behartu dituena barne-funtzionamendua egokitzeko, entseguak eta kontzertuak kokatzeko eta formatuak eta proposamenak egokitzeko.

Bandaren helburu nagusia da 2020 denboraldi hasieran hartutako konpromisoak betetzea. Eta are gehiago kontuan hartzen badugu aurtengoa urteurrenen urtea dela. Alde batetik, Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena, Jose Maria Iparragirre Balerdi “Iparragirre” poeta eta musikari urretxuarraren jaiotzaren 200. urteurrena edo Xabier Leteren 10. urteurrena. Baina baita ere Errenteriaren sorreraren 700. urteurrena. Hori ospatzeko obra Santa Zeziliako kontzertuan estreinatuko dute azaroaren 20an. Era berean, ‘Gure bakarlariak’ zikloak hitzordu bikoitza eskainiko du, Sugaar Ensemble eta Sequenza taldeen parte-hartzearekin, urriaren 11n eta azaroaren 14an, hurrenez hurren.