Esnabide urbanizatzeko lanak hasi dituzte

  • Esnabideko 32 sektorean egiten ari diren lanek hobetu egiten dute 2006an onartu zen hasierako planteamendua, berdeguneak, kirol-guneak eta aparkaleku kopurua bezalako alderdietan
Klik egin irudia handitzeko.

Duela gutxi hasi dira Esnabide 32 sektoreko obrak. Antolamendu hori gauzatzeak 81 etxebizitza eraikitzea ekarriko du, eta horietatik bi heren babes ofizialekoak izango dira. Antolamendu hori garatzea aukera bat da udal etxebizitza-politikaren arloan; izan ere, babes ofizialeko etxebizitza horietatik 27 udalaren titulartasunekoak izango dira.

Gainera, antolamenduak barne hartzen ditu 2006 urteaz geroztik onartutako eta indarrean dagoen plangintzaren baitan eragileekin adostutako hobekuntzak.
Esnabide 32 Sektoreko Plan Partziala 2006ko otsailaren 10ean onartu zen behin betiko Udalbatzarrean, eta, ondoren, urbanizazio-proiektua.

Krisi ekonomikoak haren garapena geldiarazi zuen, baina duela gutxi beste promotore batek proiektuari heldu dio berriro.

Udala 2020ko otsailean hasi zen Xehetasun Azterlan bat izapidetzen. Horren helburua hiru etxebizitza-blokeen orientazioak hobetzea izan da, inpaktu bisuala murriztuz eta lur-mugimendua minimizatuz.

Aldi berean, herriko hainbat eragilerekin hobekuntzak adostu dira antolamenduan, betiere indarrean dagoen urbanizazio-proiektuaren baitan.

Esnabideren antolamenduan hobekuntzak

Esnabide 32 sektorearen antolamenduari egindako hobekuntzen artean, honako hauek nabarmendu behar dira eraikinen ingurunerako eragin txikiagoa duen orientazioaz gain: berdegune publiko zabalagoak, aparkaleku kopurua handitzea, gaur egun erabiltzen ez den kirol-eremua hobetzea eta indartzea, Don Boscoko biderako sarbidea hobetzea eta Esnabide baserria hobeto integratzea.