Hainbat ekintza egongo dira urrian zehar trans identitateak ikustarazteko eta kontzientzia sortzeko

Errenteriako Udalak LGTBI+ Mahaiarekin elkarlanean Trans Urria programazioa antolatu du urriaren 13tik 15era. Trans Despatologizazioaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna urriaren 20an aldarrikatzen da munduko hainbat lekutan. Data hori trans identitateen patologizazioaren ondorioak ikustarazteko eta kontzientzia sortzeko bultzatu zen.

Zentzu horretan hainbat ekitaldi antolatu dira, guztiak doakoak izango dira eta gonbidapenak beharko dira aforoa kontrolatu ahal izateko. Gonbidapenak Niessen Kulturguneko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; edo bibe.me webgunean eskuratu ahalko dira.

Alde batetik, urriaren 13an eta 14ean, 19:00etan, Niessen Kulturgunean Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdian, ikusi ahal izan ziren hainbat film ikusi ahal izango dira.

Urriaren 13an honako film hauek emango dira: Mi Pequeño Gran Samuraí (Euskadi, 21’), XY (Islandia, 15’), Cocodrilo (Espainia, 4’), Dejarse crecer el cuerpo (Mexiko, 4’) eta AD LIB (Euskadi, 7’). Filmak jatorrizko hizkuntzan proiektatu dira, euskarazko azpitituluekin. Urriaren 14ean, aldiz, Indianara (Brasil, 84’) luzemetraia emango da, kasu honetan jatorrizko hizkuntzan eta gaztelerazko azpitituluekin.

Aurtengo programazioan sexu orientazioaz harago, lehenengo planoan egon ohi ez diren sexu-aniztasunaren elementuei ikusgarritasuna eman nahi izan zaio, genero identitate eta adierazpena kasu. Zentzu horretan Mi Pequeño Gran Samurai filma nabarmendu nahi da, 2018an bere buruaz beste eginda hil zen Ondarroako Ekai Lersundi trans gaztearen istorioa biltzen duen lana da eta aurtengo Publikoaren Saria jaso zuen.

Bestetik, urriaren 15ean Esnatu Naiz Andoni mutiloaren azken obraren emanaldia egongo da, 19:00etan Niessen Kulturgunean. Antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.

Azkenik, urriaren 16an, Moio: gordetzea ezinezkoa zen liburuaren aurkezpena antolatu da, 19:00etan, Jose Luis Caso Aretoan. Aimar Elosegi Ansa gazte transexual hernaniarraren suizidioaren memoria ariketa bat da liburua eta Kattalin Miner libururen idazlearekin batera solasaldia antolatu da. Solasaldia Egoitz A. Albeniz Hiruki Larroxako kolektiboaren partaideak gidatuko du.