Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa Sari nagusiaren finalak Errenterian jokatuko dituzte igandean

Kirola 2020-10-08 | 0

Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa Sari nagusiaren finalak Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuan  jokatuko dituzte igandean eta jardunaldiak inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako festa bat izan nahi du. Finalak eguerdiko 12.00etan hasiko dira eta sari banaketen aurretik omenaldi txiki bat egingo zaio Mikel Izagirreri. Osasun pandemia dela eta, 300 lagunentzat lekua duen pilotalekuan 150 pertsonentzat baino ez da lekurik izango. Partidak ETB-k zuzenean emango dituenez, telebista ere bide ona izan daiteke kirol honetara gerturatzeko.

Kirol egokituan aspalditik dira erreferentzia Errenteria eta bertako Mindara elkartea eta haren bultzatzaile nagusia izan den Mikel Eizagirreren hitz batzuk hartuta, horrela laburbildu du Aizpea Otaegi alkateak igandean Agustina Otaola pilotalekuan jokatuko diren finalen espiritua: «Pertsona desberdinak berdinak izango diren gizarte bat eraikitzen jarraitzeko» tresna bikaina da pilota egokitua.

Bi izango dira jokatuko diren finalak. Aurreko igandean Bidanian jokatutako kanporaketen ondoren, Iñaki Divasson-Xabier Arizkorreta eta Leire Esnal-Eneko Sagarmendi izango dira adimen urritasuna duten pilotarien arteko finala jokatuko dutenak. Azken hauek izango dute gorriz aritzeko ohorea, iazko txapela defendatzera irtengo baitira. Aurrelari zumaiarra izango da finaletan arituko den neska bakarra eta nabarmentzekoa da laster hasiko den eskuzko lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketan ere izena eman duela.

Urritasun fisikoa duten pilotarien artean, Hilario Olano-Beñat Lizaso eta Aingeru Senperena-Mikel Merinok jokatuko dute.

Etxetik gertu arituko den Beñat Lizaso oiartzuarrak iazko txapela jantzi zuen eta orain bi urte txapeldunorde izan zen.

Aurkezpenean Harkaitz Millan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kirola eta Gazteria Diputatua; Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea, eta Maite Gartzia, kirol zinegotzia; Laboral Kutxako Borja Yubero; Blanca Aranguren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko presidente ordea, eta Juan Martínez de Irujo pilotaria izan dira. Aurrelari nafarrak, gainontzeko ordezkariek bezala, kirolari hauen meritua goraipatu du eta pilotazaleak finaletara hurbiltzera, frontoian edo telebista bidez, gonbidatu ditu, ikusiko duten ikuskizunak pena merezi duela erabat sinistuta.

No comments yet.

Utzi erantzuna