Urriaren 16tik 24ra egingo da Musikaste


Musikastek 48. edizioa eskainiko du Errenterian. Aurtengoa COVID19aren pandemiak markatutako edizioa da. Hitzordua maiatzetik urrira aldatu behar izateaz gain, programazioak ere aldaketak jasan ditu eta, tamalez, errepertorio sinfoniko koralari eskainitako jardunaldia bertan behera uzteko beharrean aurkitu direla adierazi du prentsa aurrean Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak. Leiñenak bere ondoan izan ditu Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Andoni Sierra Andra Mari Abesbatzako zuzendaria. Hala, urriaren 16tik 24ra bitartean, musika garaikidea, ganberakoa, antzinakoa eta korala entzuteko aukera izango da Errenterian, haurrei zuzendutako jarduera didaktikoaz gain.

Musikasteren edizio hau Eresbil Artxiboaren eta Andra Mari abesbatzaren sortzaileari eskainiko zaio, Jose Luis Ansorenari, eta sorrerako helburuei eutsiko die: garai guztietako euskal konpositoreen obra aurkeztea, antzinako musikatik autore klasikoetara, gaur egungo konpositoreei garrantzi berezia emanez. Horregatik, Musikastek, bere lehen bi kontzertuetan, musika garaikidearen panoraman finkaturik dauden hainbat euskal konpositoreen obrez osatutako programak aurkeztuko ditu.

Euskal musikagileen belaunaldi sendoa

Musika garaikideari eskainitako lehen kontzertua ostiralean, hilaren 16an, egingo da eta bertan egungo konposizioari eskainitako musikarien belaunaldi oso baten lana laburbilduko da. Garatutako ibilbide oparoa, askok atzerrian ere, nazioarteko proiekzioa eta burututako lan pedagogiko eskerga, sortzaileen heldutasun-maila handiaren erakusgarri dira. Felix Ibarrondok, Peio Çabalettek, Ramon Lazkanok, Gabriel Erkorekak, Teresa Catalanek eta Antonio Lauzurikak konposatutako lanak izango dira entzungai. Obra horiek Xare Laborategiak interpretatuko ditu, Txaber Fernándezen zuzendaritzapean. Hitzordua Niessen Kulturgunean izango da 20:00etan.

Luis de Pablori merezitako omenaldia

Larunbatean, urriak 17, egungo musika-sorkuntzaren baitan konpositore unibertsalenetako bati merezitako omenaldia egingo zaio. Nazioarteko ibilbide sendo batekin (Italia, Kanada, Frantzia), Luis de Pablo 51ko belaunaldiaren erreferenteetako bat da. Monografiko honen interpretazioa Sigma Project musika garaikidean espezializatutako saxofoi laukoteak egingo du, pianoaren, perkusioaren eta Alain Maya dantzariaren laguntzarekin. Eszenografia Francisco Javier Larreinak landu du. Hitzordua Niessen Kulturgunean izango da 20:00etan.

Hilaren 18ko jarduna, igandea, Santiago Bandak eskainitako organorako kontzertu batekin hasiko da, Jasokundeko Andre Mariaren parrokian. Jose Maria Beobide (1882-1967) eta Jesus Guridiren (1886-1961) errepertorio organistikoko lan preziatuei, aurten ospatzen den ehungarren urteurreneko egileen obra erlijiosoak jarraituko die: Pedro Aranaz (1740-1820), Emiliano Ibarguchi (1920-1996), Javier Bello-Portu (1920-2004) eta Miguel Gonzalez Bastida (1920-2013), besteak beste. Kontzertua amaitzean, Udal Txistulari Bandak eta EMKEk emanaldia eskainiko dute, Koldo Mitxelena ikastetxean 12:00etan. Miguel González Bastida (1920-2013) eta Rodrigo A. de Santiago (1907-1985) eta Severo Aguirre Miramón (1845-1920) bezalako egileen txistu eta bandarako errepertorioa errepasatuko du saioak.

Jose Maria Iparragirre bardoaren jaiotzaren berrehungarren urteurrenean beste bi urretxuar izango dira Musikasten: Gorka Hermosa akordeoi jotzailea eta Jon Maia bertsolaria, zeinak, Urval Ensemble laukotearekin batera, ganbera musikari eskainitako jardunaldiko protagonistak izango dira. Gorka Hermosak Castelfidardoko (Italia) PIF saria jaso berri du. Bere hiru obra interpretatuko dira – Gernika, Neotango Concerto eta 4 dances from Iberia –, ziur asko, euren aberastasun harmoniko eta erritmikoagatik harrituko gaituztenak. Amaitzeko, Jon Maia bertsolariak Iparragirreri zibilek esandakoak birsortuko ditu. Hitzordua urriaren 22an Niessen Kulturgunean izango da 20:00etan.

Bestalde, Errenteria 700. urteurrena ospatzen ari da aurten. Musikastek garai hartako soinu-paisaia osatuko zuketen doinuak ekarriko ditu gogora, itsasoari lotutako kantak, trobadore baladak, eta Done Jakue bideko doinuak.

Khantoria, antzinako musika taldeak Erdi Aroko Errenteria horretara eramango ditu entzuleak datorren ostiralean, hilaren 23an, Madalena baselizaren testuinguru paregabean 20:00etan. Ander Berrojalbizen azalpen interesgarriek, Lorena Garciaren kantuak, Virginia Gonzaloren organettoak eta Maider Lopezen biolak X. mendetik XIV. mendera bitarteko sonoritateak sortuko dituzte. Euskara eta latina entzungai, ‘Garizuma luzerik’, ‘Berterretchen khantoria’, ‘Jançu Janto’ abestietan eta ‘Une mousse de Biscquaye’ abestietan.

Jose Luis Andorenari omenaldi korala

Hilaren 24ko abesbatzen jardunaldiak amaiera emango dio Musikaste 2020ri eta Jose Luis Ansorena (1928-2019) izango da protagonista, Andra Mari abesbatzaren arima. Proiekzio handieneko lau abesbatza errenteriarrek hartuko dute parte: Karnaba Otxoteak, Emiliano Ibarguchi, Javier Bello Portu, Jesus Guridi (1886-1961), Josu Elberdin (1976-) eta J. M.ª González Bastidaren (1908-1997) obrak interpretatuko ditu. Gazte-kolorea Zaria Koru Eskolaren eskutik iritsiko da, Landarbaso koral sendotuarekin jarraitzeko. Koral horrek Iparragirreri eskainitako Jose Luis Ansorena eta Javier Bello-porturen (1920-2004) lanak interpretatuko ditu. Andra Mari abesbatzak emango dio kontzertuari amaiera, Javier Bello-porturen lanak eta Jose Luis Ansorenak Jesus Guridiren ‘Diez melodías vascas’ obraren inguruan egindako moldaketa nabarmenduz. Hitzordua Fatimako Parrokian 20:30ean izango da.

Laburbilduz, bi estreinaldi, hogeita bost konpositoreren lanak, horietako hamaika garaikideak eta horietatik hiru emakumeak. Musikasteren 48. edizioak euskal musika sorkuntzaren benetako erakusleihoa izango dela esan du Leiñenak.

Musikastek Errenteria Musikalen laguntza eskertu nahiizan du, baita Errenteriako beste erakunde batzuen ekarpena ere, hala nola Maria Magdalenaren Lagunen Kultur Elkartearena eta Txistularien Udal Banda eta Errenteriako Musika Kultur Elkarteko bandarena. Hala nola eskerrak eman nahi izan dizkie Musikeneri eta Musikagileak elkarteari.

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkie hasiera-hasieratik jarduera hau sustatzen duten erakundeei, hala nola Errenteriako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, eta, batez ere, Musikasteren jarduerak babestu nahi izan dituzten erakundeei: Musika Bulegoari, Kutxa Fundazioari eta Euskadiko Kutxari.

 

Sarrerak bibe.me plataforman eros daitezke.