Ostegun honetan ‘Lau Haizetara. Aukerak sortzen’ herritarrei irekitako parte-hartze prozesua hasiko da

Datorren ostegunean, urriak 29, Lau Haizetara elkarteak hasiera emango dio parte-hartze prozesu bati. Berrikuntza asmo baten ondorioz dator prozesua, eta ‘Lau Haizetara. Aukerak sortzen’ deitzen da. Hizkuntzaren eta garapen komunitarioaren arloan gure herrian aukera berri(tzaile)ak sortzeaz arituko dira partaideak. Prozesua irekia da, eta bereziki Errenteriako pertsona eta entitate aktiboei luzatzen zaie gonbita.

Guztira hiru saio egingo dira, arratsaldeko 18:00etatik 20:30era, Merkatuzarren:

• Urriaren 29a (Jakin): 1992an sortu zenetik orain arte Lau Haizetarak egindako ibilbidea aurkeztuko da, eta gure herriko euskal hiztunen komunitatearen egoeraren diagnostiko bateratua osatuko da.

• Azaroaren 12a (Nahi izan): aztertuko da zein diren gure motibazioak herri gisa eta euskal hiztunen komunitate gisa agertzen zaizkigun desafio konplexuei aurre egiterakoan.

• Abenduaren 4a (Ekin): elkarrekin erabakiko da zer jardun arlotan, nola eta norekin egingo dugun aurrera.
Prozesuak Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzaren babesa du, bai eta Errenteriako Udalaren laguntza ere. Emun aholkularitzak sostengu teknikoa emango du.

Osasun neurri gisa, aurretik izena eman behar da, mezu bat bidalita: erantzungailuan (943 340 143), Whatsappean (688 765 398) edo posta elektronikoan (bulegoa@lauhaizetara.eus).