‘Atzegi, 60 urte bidelagunak biltzen’ kanpaina aurkeztu dute Errenterian

Ezkerretik eskuinera: Alazne Korta,Giza Baliabideetako zinegotzia; Txaro Garcia, Senidea eta Oarsoaldeako komisioko partaidea; Oihana Garcia, ‘Pauso berriak’ programaren bidez 10 urtez Errenteriako Udalean lanean diharduena eta aurtengo kanpainako protagonista; Susana Velasco, Atzegiko Familia Arreta Zerbitzuko teknikaria; eta Aizpea Otaegi, Errenteriako alkatea.

• Kanpainaren bidez, omenaldia egin nahi zaie 60 urtetan zehar elkartearen bidelagun izan diren pertsonei eta gonbidapena luzatu gizarteari, kolektiboari laguntzen jarrai dezan

• Aurkezpenean Oihana Garciak parte hartu du, ‘Pauso berriak’ programari esker 10 urtez Errenteriako Udalean lanean diharduena eta aurtengo kanpainako protagonista

ATZEGIren (adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkartea) sentsibilizazio-kanpaina martxan da. Aurtengoa berezia da, bizi dugun osasun-egoera dela eta, eta baita ere ATZEGIk 60 urte beteko dituelako.

Gauzak asko aldatu dira 1960an familia batzuk seme-alaben etorkizunaren alde borrokatzeko elkartu zirenetik. Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan; hezkuntzan, egoitzetan, lanean, aisialdian, oro har, eskubideen arloan, hala nola hezkuntzarako eskubidea, lanerako eskubidea, botoa emateko eskubidea, modu independentean bizitzeko eskubidea, etab.

“ATZEGI 60 urte bidelagunak biltzen” lelopean, ATZEGIk bidelagunen irudia nabarmendu nahi du; adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, elkartearekin bat eginez, borrokatzen duten pertsonak hain zuzen ere. Pertsona horiekin lortu da gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea. Baina elkartetik gogorarazi dute oraindik beste erronka asko geratzen direla aurretik eta Gipuzkoako gizartearen babesak ezinbestekoa izaten jarraitzen duela.

‘60 urte bidelagunak biltzen’ kanpaina

60. urteurrenerako aurreikusitako ekintzetako asko Covid-19aren prebentzio-neurrietara egokitu behar izan dira, baina Atzegizale familia osoaren laguntzari eta lankidetza-espirituari esker gauzatuko dira. Aurreko urteetan bezala, kopuru txikiagoan bada ere, 3.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan zehar, 138 markesina, eta bideo bat zabalduko dute hainbat bitartekoren bidez. Gainera, urtean zehar, “Bidelagunak biltzen” leloa duten eskumuturrekoak banatuko dira, kanpainaren eta 60. urteurrenaren helburua indarrean mantentzeko asmoz.

60. urteurrenari keinu eginez www.atzegi.eus/bidelagunak webgunean astero, 60 astez, protagonista bat aurkeztuko dute (adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edo bestelako bidelagunak) bere esperientzia pertsonala (zer lorpen baloratzen duen gehien, zer amets dituen etorkizunera begira, etab.) azaltzeko. Hala, urteurrenaren amaieran, 2021eko abenduaren 20an, Kursaalean ekitaldi bat egitea aurreikusten dute. Ekitaldi horrek urteurrenari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu.

Azkenik aipatu, urriaren 20an, 18:30etan, kanpainaren ekitaldi nagusia egin zela Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldiak aurreko urteetan baino edukiera txikiagoa izan zuen eta osasun-agintariek eskatutako segurtasun-neurri guztiak hartu zituzten kontuan. Bertan, kanpaina azaldu zuten argazki, musika eta bideoen bitartez. Atzegik elkarte-izpiritua mantentzearren hitzorduari eutsi nahi izan dio baina beti ere bizitzea egokitzen ari zaigun egoera berezira moldatuz.

Atzegi – datu orokorrak

• 2.195 familia (2.284 adimen desgaitasuna duten pertsonak)

• 2.567 pertsona kolaboratzaile

• 10.461 Atzegizale

• Elkartearen oinarria guztira: 17.507 pertsona

Oarsoaldeako datuak

• 199 familia (204 adimen desgaitasuna duten pertsonak)

• 206 pertsona kolaboratzaile

• 722 Atzegizale