Errenteriako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 2. edizioa ospatuko da azaroan

Errenteriako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren 2. edizioa, CIMASUB 2020 izenekoa, abian da. Ekitaldi honekin planeta osoan zehar bidaia egiteko modurik onena izango duzu, itsas hondo ikusgarrienak bisitatuz eta itsas kutsaduraren zein klima-aldaketaren arazoaren globaltasuna erakutsiz.

Itsaspeko Nazioarteko Zine Zikloak 1975etik dihardu itsas hondoa ezagutzera ematen, planetaren bazter guztietatik horren edertasuna zabaltzen. Jakina da, zoritxarrez, itsas hondoarekiko egungo interesa ez dela bere baitan ezkutuan dituen altxorren eragina; gizakiak bertan eragin duen hondamendiarena baizik. Edizioek aurrera egin ahal, itsas kutsadurak protagonismoa hartu du urpeko irudiaren sektoreko profesionalek eta zaleek Zikloan aurkeztu dituzten lanetan. Hainbesteraino, non lan gehienek zati bat bideratu baitute itsasoko zaborraz hitz egitera edo, zuzenean, gai nagusitzat hartu dute. Salaketa ekologikoa egiten duten lan onenak saritzen dira. Izan ere, ur azpian denbora gehien pasatzen dutenek zeresan handia dute eta mezu horrek pertsona guztiengana heldu behar du kontzientziazioa benetakoa, serioa eta behin betikoa izatea lortu nahi bada.

EMANALDIAK

Nazioarteko itsaspeko zinemaren inguruko lan onenetariko eta sarituenetariko 27 film labur eta 4 dokumental proiektatuko dira NIESSEN Kulturgunean, azaroaren 9an, 10ean eta 11n, 19:00 – 20:30 bitartean.

Urpeko irudi-lehiaketa honetara aurkeztutako lanen kalitatea handituz joan da urtetik urtera, bisualki nahiz narratiboki. Formatua aldatzen ari da; esaterako, film laburren kopurua areagotu egin da, baita aurkezpenen intentsitatea ere. Dokumentalek gero eta erritmo biziagoa dute eta motelagoak diren dokumental klasikoetatik aldendu egin dira, narratiba dinamikoago eta entretenigarriago batean murgiltzeko. Horren guztiaren ondorioz, jendeari mezua hobeki helaraztea eta ikusle gehiago erakartzea lortzen da.

Programaturiko ekitaldi eta emanaldietan, ohikoa den bezala, SARRERA DOAKOA izango da aforoa osatu arte.

Urpeko Zinema Zikloa erreferente bat da nazioartean. Hainbat kontinentetako herrialdeetatik iritsi dira lanak. Horien artean, Frantziako, Argentinako eta Italiako irabazleak daude eta, besteak beste, Euskal Herriko, Kantabriako, Kanarietako, Madrileko eta Kataluniako irabazleak ere bai. Aurtengo edizioan omenaldi berezia egingo zaio Rafael Herrero Massieu jaunari, urpeko irudien eremuan nazioarteko eragin handiena duen profesionalari.

Ohi bezala, antolatzaileek Real Sociedad Fundazioari eskerrak eman nahi dizkiote. Eta, bide batez, pertsona oro gonbidatzen dute urpeko bidaia zoragarri hori egitera, betiere, osasun publikoa babesteko neurri guztiak hartuta.