Errenteriako Udalak hondakinak kalean uzten dituztenei isunak jartzen jarraituko du

Hiru urte bete berri dira jada Hondakinen Udal Ordenantza, 2017ko urrian, onartu zenetik. Udal-arau honen helburu nagusia da Ingurumena eta tokiko osasun publikoa babestea, are gehiago klima-krisian gaudela, Eusko Jaurlaritzak 2019ko uztailean Klima Larrialdiaren inguruko adierazpen instituzionalean definitu zuen moduan, eta kontsumo-ereduak zein hondakinen sorkuntzak eta kudeaketak ardura handia eskatzen dutenean.

Hala ere, oraindik ere gure kale eta mendietan ikus ditzakegu jarrera arduragabe eta ez-solidarioen ondorioak, kasu askotan hondakinak kalean uzten baitira (hondakin geldo eta arriskutsuz betetako poltsak, altzariak eta tamaina handiko hondakinak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak eta obra-hondakinak, kartoizko ontziak, …).

Hondakinei buruzko ordenantzak 750 euro arteko isunak aurreikusten ditu arau-hauste arinetarako eta 1.500 euro artekoak larrietarako. Oso larriak 3.000 euro artekoak ere izan daitezke.

Bestalde, eskertu behar da Udaltzaingoak ingurumeneko eta hondakinen inguruko gaiekin duen jardun proaktiboa, hari baitagokio ingurumenaren eta elkarbizitza sozialaren aurka egiten duten pertsonen eta enpresen gainean egotea.

Gaur arte, Udalak 22 zehapen-espediente jarri ditu martxan aurten Hondakinei buruzko ordenantza urratzeagatik, Udaltzaingoak aurkeztutako salaketetatik abiatuta. Aurtengo hirugarren hiruhilekoan nabarmen igo dira.

Errenteriako Udalak ez du onartuko zenbait pertsonaren jarrera txarraren ondorioz gure herriak irudi txar eta negatiboa izaterik. Isunak jartzeko bidea baliatuko dugu, eta ziurrenik areagotu ere egingo ditugu. Gutxi batzuen jarrerak ezin du atzera bota askoren artean aurreratu duguna.