Datozen neurri berrien aurrean eta Talka Planaren baitan, kolektibo kalteberenei eusteko ekimen berriak jarri ditu martxan Udalak

Udalak 600.000 euro baino gehiago bideratuko ditu fase berri honetan, bereziki, merkataritza eta ostalaritza laguntzeko

Covid-19aren ondorioz bizi duten egoera zaila dela eta, Udal talde politikoek merkataritzari, ostalaritzari eta beste hainbat kolektibori laguntzeko neurriak aurkeztu dituzte gaur. Sektore horiei zuzenean eragiten dieten neurriak gogortzen joan dira, eta atzo iragarritakoak dira honen azken adibidea.

Horregatik, Udalak hainbat babes-neurri jarri ditu martxan, gutxieneko ziurtasuna eskaintzeko asmotan.

Laguntza horiek jarraipena ematen diote udal talde politiko guztiek 2020ko apirilean adostu eta aurkeztutako Talka Planari, eta gaur ere elkarrekin agertu dira horiek komunikatzeko.

4 neurri aurreikusten dira, eta 630.000 euro bideratuko dira horietara.

Horietatik bi, aurrez martxan jarritakoen kapaina berriak dira, egungo egoerari zuzenean erantzuteko. Beste biak, aldiz, orain abiatuko dira lehen aldiz.

1.- Zuzeneko laguntza berriak orain ixteko agindua jaso duen ostalaritza-sektorearentzat: 300.000 €.

2.- Bizi Errenteria ekimenaren baitan erosketa-bonuen kanpaina berria urte amaierara begira: 200.000 €.

3.- % 0 intereseko mikrokredituak: mikroenpresak, autonomoak, lehen sektoreko autonomoak, elkarte gastronomikoek, Errenteriako merkatu txikietan jarduten diren saltzaileak eta taxistek 5.000 € arteko kredituak eskatu ahal izango dituzte % 0 interesean. Udalak bere egingo ditu finantza-gastuak eta horretarako 50.000 € aurreikusi dira. Ekimenean parte hartuko dute Kutxabank, Euskadiko Kutxa, Rural Kutxa eta BBVA finantza-entitateek.

Laguntza hau jadanik eska daiteke, hemen.

4.- Covid-19ak sortutako inbertsio-behar berriei erantzuteko merkataritza eta ostalaritza sektoreei bideratutako dirulaguntzak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker, Errenteriako Udalak 84.000 € bideratuko ditu merkataritzako eta ostalaritzako establezimenduetan lokalak eta lan egiteko modua segurtasuneko eta osasuneko irizpide/protokoloetara nahiz bezeroekin eta hornitzaileekin erlazionatzeko modu berrietara egokitzeko egindako inbertsioetarako, hala nola, digitalizazioa, etxeetara banaketak…

Laguntza hau jadanik eska daiteke, hemen.

Neurriak abian jartzea eta eskaerak egitea

Azken bi neurriak, hau da, % 0 intereseko mikrokredituak eta inbertsioetarako laguntzak, jada eska daitezke, eta horiei buruzko informazioa eta eskatzeko moduak goian adierazitako helbideetan kontsulta daitezke.

Gainerako bi neurriak datozen egunetan jarriko dira martxan.

Azkenik, udal talde politikoetako ordezkariek nabarmendu dute ezinbestekoa dela Covid-19ari aurre egiteko neurriekin batera, neurri horiek eragindako kolektiboei babes-neurriak eskaintzea eta hori izan dela Talka Planaren xedea, neurri horiek azkartasunez martxan jartzearekin batera.

Datozen asteetako bilakaeraren baitan, ikusi beharko da neurri gehiago edo neurri berriak behar ote diren, Udala adi egongo da.

Egoera larria denez, Udalak beste erakundeei ere beren eskuduntzen baitan osagarriak izango diren neurriak lehenbailehen hartzea eskatu die.