Errenterian sortutako ‘Leiho guztiak, leiho bakarra’ film laburra ikusgai izango da ostegunean Niessen Kulturgunean

Errenteriako Udalak Nazioarteko Kultur Aniztasunaren Egunerako sorturiko ‘Leiho guztiak, leiho bakarra’  film laburra beste birekin batera ikusteko aukera izango da ostegunean, hilak 12, arratsaldeko 19:00etan Niessen Kulturguneko auditoriumean. Zazpi t’erdi ekoiztetxeak zuzendu du lana.

Udalak konfinamendua, haurrak eta aniztasuna elementuak ardatz harturik 11 minutuko film laburra sortu zuen. Bertan, herriko jatorri anitzeko 5 familiek parte hartzen dute. Osteguneko emanaldian, gainera, batetik, Maider Oleagaren ‘Ikusmugak’ eta, bestetik, Ricardo del Conderen ‘Hacia la niebla’ proiektatuko dira.

Mataderoko Coronavirus Film Jaialdi Esperimentala

Hiru film laburrak Madrilgo Mataderoko Coronavirus Film Jaialdi Esperimentalerako izan dira hautatuak. Asteazkenean bertan jakingo da epaimahaiaren azken emaitza eta beraz, berezia izango da Errenteriako proiekzioa. Gainera, Maider Oleagak eta Zazpi t’erdi ekoiztetxeko zuzendariak solasaldia eskainiko dute.

Sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak Niessen Kulturguneko harreran har eskura ditzakete interesdunek edo bibe.me plataformaren bidez.