URA Agentziak Oiartzun ibai-ingurunea lehengoratzeko eta anfibioentzako urmael bat sortzeko obrak hasiko ditu aste honetan

Ingurumena | Jasangarritasuna | Medioambiente 2020-11-10 | 0

Errenteriako Udalak 2015eko abenduaren 2an “Oiartzun ibai inguruneko Paisaiaren Ekintza-plana (Errenteria)” onartu zuen. Horrela, azken urteotan zehar hainbat ekimen burutu dira Oiartzun ibaiko ibai-habitataren hobetze ekologikoari begira: Fanderiako arrapala, ur-beltzak bildu eta uraren kalitatea hobetzeko jarduerak, izokin arruntaren itzulera, haltzadien berreskuratze biologikoa, …

Halaber, Udalak eta URAk hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bitartez Udalak konpromisoa hartzen duen, Errenteriako hiri-eremuetako ibai-tarte garbitzeko, azken urteotan egiten ari den bezala. Era berean, URAk konpromisoa hartu du ibaietako ingurunearen lehengoratzeari ekiteko, ibilguak, ibai-bazterrak eta habitatak berreskuratuz.

Testuinguru horretan, aste honetan URA Agentziak ibai-ingurunea lehengoratzeko eta anfibioentzako urmael baterako obrak hasiko ditu Oiartzun ibaiaren ezkerreko bazterrean, Lartzabal eta Fanderia artean. Ekimen hau, eremu berean dagoeneko gauzatu diren hainbat jarduketei gehitzen da:

  • ibilguaren zabalera handituko da Fanderiako meandroaren aurrean, Oiartzun ibaiaren eta Lintzirin errekaren urak bateratzen diren lekuan.
  • erosio prozesuak eteteko (lurzoruen higadura eta galera) Fanderiako meandroaren ezkerraldeko erribera finkatuko da, bio-ingeniaritzako hainbat teknika erabiliz: armazoiak, gabioiak, oholesiak, aldaxka-landaketak, …
  • erriberako basoa lehengoratuko da (haltzadi kantauriarra), hainbat espezie landatuz: haltzak, lizarrak, hurritzak, …

Hobekuntza-obra horiek burutzeko, hainbat ibilgailu astunen behin behineko trafikoa areagotuko da eta platanondo batzuk kimatu edo moztuko dira Fanderia auzoan.

No comments yet.

Utzi erantzuna