Errenteria Film Laburren Jaialdiak 25. edizioa ospatuko du datorren astean

Errenteria Film Laburren Jaialdiak azaroaren 26tik 29ra ospatuko du, aurten, bere 25. edizioa. Edizio berezi honetarako, Covid19ak sortutako osasun larrialdi egoerak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiekin jaialdiaren formatu presentzialaren aldeko apostua egin du antolaketa taldeak. Ion Collar Kultura zinegotziak, Patri Arozena Kultura teknikariak eta Oz Zinema Elkarteko kide den Nagore Portugalek eman dituzte prentsa aurrean xehetasun guztiak.

Ia 600 izan dira Festhome plataforma bidez lehiaketara aurkeztutako lanak. Horietatik 30 dira lehiaketa fasera iritsi direnak eta jokoan dauden 4 sarietako bat eskuratzeko aukera izango dutenak, beraz.

Hauek, hilaren 26, 27 eta 28an proiektatuko dituzte Niessen Zinemetan, 19:00ean.

Sari banaketa ekitaldia, berriz, Niessen Kulturguneko auditorioan izango da, igandean, hilak 29, 18:00etan. Irabazle suertatu diren lanak ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek eta baita nazioarteko beste jaialdi batzuetan nabarmendu diren hiru lan ere: Dustin (Frantzia, fikzioa), All inclusive ( Suitza, dokumentala), Intermission expedition (Herbeherak, animazioa).
Saritutako lanak hautatzeko epaimahakideak ondorengoak izan dira: Ion Collar Kultura zinegotzia, Patri Arozena Kultura teknikaria, Izaskun Arandia gidoilari eta ekoizlea, Xabier Cereceda zinemagilea eta Amaia Serrulla Donostiako Zinemaldiko lantaldeko kidea.

25 urte
Pandemiak sortutako egoerak hala behartuta, jaialdiaren 25. urteurrena modu xumean ospatuko dela adierazi dute. Hala, hilaren 29an, 25 urteko ibilbidean saritu diren lanik onenak erakutsiko dituzte Niessen Kulturgunean, 12:00etan.

Gainera, Errenteriaren 700aren urteurrenaren harira, OzZinema zineklub saio berezia ere izango da. Asteartean izango da hori, hilak 24, Niessen Zinemetan, 19:00etan. Bertan izango da Jose Luis Rebordinos Nelly et Mr Arnaud filmaren aurkepnea egiten.

Ohikoa denez, proiekzio guztiak doakoak izango dira baina gonbidapenak eskuratzea beharrezkoa izango da. Horretarako bi bide izango dituzte interesdunek: bibe.me webgunea eta Niessen Kulturguneko harrera.
Bukatzeko, eskerrak eman nahi izan dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Niessen Zinemei jaialdiari emandako babesagatik.

Bide batez, herritar guztiak gonbidatu dituzte egun horietan zinemaz gozatzera.