Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatutako programazioa aurkeztu dute

Berdintasuna 2020-11-23 | 0
Aizpea Otaegi, alkatea; Garazi Lopez de Etxezarreta, Berdintasun zinegotzia, eta Charo Cantero, Bittori Arrieta, Juani Herrador, Nati Rufo eta Julia Irasuegi, Berdintasun Kontseiluko kideak.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, datozen egunetarako antolatutako ekintzen berri eman dute Errenteriako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak.

Udara hasieran III. Berdintasun Planaren Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak ardatzaren lanketa hasi zen. Berdintasun Kontseiluak plana hainbat urtetan zehar egitea erabaki zuen, ardatz bakoitza sakon landu ahal izateko. Zentzu horretan, gaur aurkeztu den den programazioak aipatu ardatzaren lanketari erantzuten dio, praktika onak ezagutzeko mahai-inguruak antolatu baitira prozesu horren baitan.

Lehenenengo mahai-ingurua azaroaren 26an, 18:00etan izango da eta arreta integralari, suspertzeari eta ahalduntzeari buruzko praktika onak ezagutzeko helburua du. Nola hobetu dezakegu indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen akonpainamendua? izenburuarekin antolatutako mahia-inguruan Bartzelonako Hèlia Dones elkartearen jarduna ezagutuko dugu, Carla Rigol kidearekin; Madrileko Mujeres para la salud elkartea, Pilar Pascual kidearekin; eta Gipuzkoan sortu berri den Mariren alabak elkartearen esperientzia, Maite Santamariaren laguntzarekin.

Bigarren mahai-ingurua abenduaren 1ean, 18:00etan izango da eta salaketa publikoari, memoriari eta erreparazioari buruzko praktika onak ezagutuko ditugu. Mahaiaren izenburua izango da Nola jaso memoria eta nola lan egin indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen erreparazioan?. Bertan, Cristina Fallarásek Cuéntalo proiektua aurkeztuko du, Isabel Cadenasek De eso no se habla bere podcast-aren berri emango du eta Amandine Fulchironek Guatemalako memoriaren jaialdi artistikoen esperientzia partekatuko du.

Bi ekintzak online egingo dira zoom plataformaren bitartez. Modu honetan egitea lehenesten bada ere, teknologiarekin edo Internetarekin arazoa dutenentzako Emakumeen Etxera gerturatzeko aukera eskainiko da. Bai online bai aurrez aurre parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da Emakumeen Etxean bertan, 943 449 630 telefonora deituz edo emakumeenetxea@errenteria.eus emailera idatziz.

Mahai-inguruetan parte-hartzaileen informazio gehiago dokumentu honetan ikus daiteke.

Bestetik, gaur bertan Niessen Kulturgunean, 19:00etan, estreinatuko da euskaraz taulagainean, Federico García Lorcaren antzezlan ezaguna Adela eta Martirio Bernarda Albaren Etxean; umore ukituak dituen drama da, musikal bat, groteskoa eta poetikoa. Emanaldi hori irekia izango da, baina azaroaren 25ean Koldo Mitxelena ikastetxeko DBH 4ko ikasleentzako emanaldia antolatu da. Antzezlana mediazio proposamen baten baitan antolatzen da, hau da, ikasle horiekin patriarkatua, botere harremanak, feminismoa edota maskulinitatea bezalako gaiak lantzeko saioak antolatu dira.

Azkenik, Errenteriako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak bat egiten dute Oreretako Asanblada Feministak egin duen deialdiarekin eta herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte azaroaren 25ean, asteazkena, 19:00etan, Zumardian Emakumeonganako indarkeria ez itxialdian, ez distantzian, ez inon, ez inoiz! lemapean egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Aurten bizi dugun osasun egoera dela-eta, mugimendu feministak balkoietan oihal moreak jartzera eta, elkarretaratzera gerturatzeko aukera ez izanez gero, balkoietatik zarata egitera eta kandela edo linternak piztera deitzen ditu herritarrak.

Indarkeria matxista pairatzen ari diren edo pairatu duten emakumeentzako mezua

Azaroaren 25a baliatuz, alkateak adierazi du bizitzen ari garen testuinguru honek zailtzen duela indarkeria matxista pairatzen ari diren emakumeen egoera, hain juxtu inoiz baino denbora gehiago pasatzen dugulako etxean eta emakume askorentza etxea delako segurtasun gutxien daukan espazioa.

Zentzu horretan, azaldu du Udalaren apustua garbia dela emakume horiei laguntza osoa eskaintzeko eta horretan Emakumeen Etxea erreferentzia bat dela. Momentu honetan aholkularitza psikologikoa eta legala eskaintzen dira Emakumeen Etxean, eta badaude baita ere indarkeria matxista bizitzen ari diren edo bizi izan duten emakumeen taldeak ere, nolabait prozesu hori bakarrik egin ez dezaten.

Finean, emakume horiei luzatu dien mezua da ez daudela bakarrik, Udalaren asmoa dela bakarrik ez sentitzea, eta Emakumeen Etxera jo dezatela behar izanez gero.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna