Udalak dei egiten die oraindik atxikitu ez diren herriko merkatariei bonuen kanpaina berrian izena eman dezaten

  • Atxikitzeko nahikoa da lehenbailehen bizi.errenteria.eus/atxikimendua web orriko formularioa betetzea.

Errenteriako Udalak, COVID-19ren ondorio ekonomikoei aurre egiteko Talka- eta Suspertze-planaren baitan, udalerriaren eta herritarren suspertze ekonomikoan eragiteko abiatutako BIZI Errenteria programaren barnean, Erosketa Bonuen 2. Kanpaina egingo du laster.

Uda partean gauzatu zen erosketa bonuen lehenbiziko kanpainan bezala, bonuak herriko etxe bakoitzean jasoko dira. Herritarrek ondasunak eta zerbitzuak erosi ahal izango dituzte BIZI Errenteria programara atxikitako establezimenduetan.

Atxikita ez dauden establezimenduei atxikitzeko deia. Egun 235 dira BIZI Errenteria programara atxikita dauden establezimenduak eta, 2. erosketa bonuen kanpainarako kopuru hori handitu aldera, Udalak dei egiten die orandik atxiki ez diren Errenteriako establezimenduetako arduradunei programan izena eman dezaten, herritarrek bonuak euren negozioetan ere erabiltzeko aukera izan dezaten. Izan ere, oso garrantzizkoa da ahalik eta ekonomia eragile gehienen esku-hartzea lortzea, herriari bizitza emateko, guztion ongizatean laguntzea helburu duen ekimen hau emankor gerta dadin.

Atxiki daitezkeen entitateak dira bonuen bitartez ondasun edo zerbitzuak erosteko aukera ematen duten Errenteriako merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta jatetxeetako txikizkako establezimendu guztiak. Deialdi honetatik kanpo geratzen dira firma handien edo Estatuan edo nazioartean ezarpen handia duten enpresen filialak, bai eta azalera handiak ere (400 m2 baino gehiago).

Nola atxiki. Atxikitzeko, bizi.errenteria.eus/atxikimendua webgunean dagoen atxikitze-formularioa bete eta bidali behar da. Atxikitu ondoren, establezimenduaren izena bizi.errenteria.eus web-orrian argitaratuko da eta atxikitu berriek gutun batean jasoko dituzte BIZI Errenteria ikurra, bonuen inguruko azalpenak eta aplikatutako hobariak ordaintzeko eskaera egiteko inprimakia.

Honezkero atxikita dauden establezimenduek ez dute aurrez inolako tramiterik egin behar Erosketa Bonuen 2. Kanpainan bonuak jaso ahal izateko.

Edozein zalantza argitzeko, Udalak 010 eta 943 44 96 00 telefonoak gaitu ditu.