Ingurumen kanpaina berria: Dagokien lekuan utzi hondakin handiak eta altzari erabiliak

Errenteriako Udalak hondakinen inguruko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina berri bat jarri du gaur abian eta asmoa da jarrera desegokia duten pertsonak konbentzitzea Udalak herritarren eskura jartzen dituen Hiri Hondakin Solidoenen gaikako bilketako bitartekoak erabil ditzaten eta ohartaraztea hala egin behar dutela.

Urriko datuen arabera, hondakinen gaikako bilketa % 62,8ra iritsi da, eta horrek esan nahi du gainditu dela 2017an Hondakinen Udal Ordenantza onartu zenean % 60ra iristeko ezarritako konpromisoa. Hala ere, oraindik ere gure kale eta mendietan ikus ditzakegu jarrera arduragabe eta ez-solidarioen ondorioak, kasu askotan hondakinak kalean uzten baitira (hondakin inerte eta arriskutsuz betetako poltsak, altzariak eta hondakin handiak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak eta obra-hondakinak, kartoizko ontziak…).

Horren kontra egiteko abian jarriko honek hainbat elementu eta euskarri biltzen ditu bere baitan: bando bat eta kartel bat atari guztietan, publizitate-hesiak isun arinen zenbatekoaren berri emateko (750 € bitarte) eta araua urratzen dutenek kalean uzten dituzten hondakin handi eta altzarietan jarriko diren pegatina deigarriak.

Kanpaina honekin, berriz ere, balioetsiko dugu etxez etxeko bilketa-zerbitzua. Nahikoa da 943341345 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 8:00-15:00 artean) altzari hauek jasotzera pasa daitezen: sofak, armairuak, mahaiak, koltxoiak, somierrak, etxetresna elektrikoak, etab.

Errenteriako Udalak Hondakinen Ordenantza urratzen dutenak zigortzen jarraituko du; izan ere, bertan ezartzen da arau hauste arinek 750 € arteko isunak eragin ditzaketela eta, astunek, 1.500 € artekoak. Oso astunek 3.000 € arteko isuna jaso dezakete.

Gure hondakin handiak egoki kudeatzeak laguntzen du berrerabiltzen eta birziklatzen, eta, aldi berean, Ingurumena errespetatzen.