Udalak energia berriztagarrien eta energia eraginkortasunaren aldeko apustua berretsi du 2020 urtean

COVID-19 izurriteak hirian eragina izan badu ere, Udalak energia arloko bere konpromisoari tinko eutsi dio. Horren adibide dira, 2020 urtean, energia berriztagarriei eta energia eraginkortasunari lotutako ondorengo proiektuak.

Argiteria publikoan LED luminariak ezartzea

Datozen egunetan, argiteria publikoko hainbat koadrotako luminarien instalazioa hasiko du. Guztira, 607 led luminaria ezarriko dira.

Kaputxinoak eta Beraun auzoetan, Agustinak auzoko behe aldean eta Hirigune Historikoko zati batean burutuko dira lan hauek. Luminaria horien ordezkatze-lanak abenduan hasi eta 2021eko otsailean amaituko dira.

Proiektu honek 278.521,48 €ko kostua du (BEZa barne) eta Eskualdeen Garapenerako Europear Funtsaren (FEDER) %50eko diru-laguntza izan du. Dirulaguntza hau IDAEk (Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutua) kudeatu du.

Jarduera hauen helburua argiteria publikoan energia elektrikoaren kontsumoa murriztea da, eta horretarako, gaur egun dauden bonbillak LED teknologia dutenengatik ordezkatuko dira eta argiztapena kontrolatzeko sistema adimentsua ere abian jarriko da. Honela, oinarri sendoak finkatuko dira pixkanaka udalerri adimentsua eraikitzeko, non argien bidez beste sistema batzuk jarri ahalko diren, esate baterako: kartel informatiboak, IP ahotsa, wifia, ingurumen-parametroak neurtzeko sentsoreak, etab.

Egungo argiak aldatuta eta automatikoki erregulatzeko sistema jarrita energia-kontsumoa gutxitu nahi da. Teknologia horrekin argiak automatikoki piztu edo erregulatu daitezke, presentziaren arabera. Gainera, LED teknologiako argiek balio-bizitza luzeagoa dutenez, energetikoki eraginkorragoak direnez eta argi-fluxua momentuan bertan erregulatzeko aukera ematen dutenez, mantenu gastua ere txikiagoa da. Jarduera honen bitartez, energia-kontsumoa eta mantentze-lanen 30.000 €ko aurrezpena lortuko dela estimatzen da.

Argiztatze sistema berriarekin aurreikusitako energia aurrezkia 196.294,04 Kwh/urte-koa da, hau da, koadro horietako egungo kontsumoaren %73ko murrizketa. Ekimen honen ondorioz, urtean 66.740 KgCO2 isurtzea ekidingo da.
2015 eta 2020 bitartean egindako ekintzen bidez, 2.694 luminaria LED teknologia dutenengatik ordezkatuko dira, Errenteriako argiteria publikoaren %60a, gutxi gora behera.

LED argiztapenaren ezarpena eraikinetan

Niessen eraikinean, udaletxeko 3. solairuan eta Cristobal Gamon ikastetxeko idazkaritzan LED motako argiak ezartzeko lanak burutzen ari da Udala. Guztira, 388 LED luminaria ezarriko dira.

Proiektu honetarako beharrezko materialen hornidura kostua 41.621,70 €koa da (BEZ barne) eta Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) 8.599,52 €ko diru-laguntza jaso du.

Argiztatze-sistema berriarekin Udalak 69.757 Kwh/urte-ko energia-aurrezpena lortzea aurreikusten du, hau da, koadro horietako egungo kontsumoaren %82ko murrizketa. Modu honetan, urtean 23.720 KgCO2 isurtzea ekidingo da.

Errenteriako ikastetxetan 50/50 proiektua burutzea

Oarsoaldeko lau udalek (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) bigarren urtez sustatu duten eskualdeko proiektu honek ohiturak eta jokabideak aldatzea eragiten du, eta energia urrutiko kontzeptu dela eta bere gain jarduteko aukera gutxi dagoenaren pertzepzioa aldatzea dakar.

50/50 proiektuaren emaitza gisa ikasturtean lortutako aurrezkiaren %50 ikastetxeari itzultzen dio Udalak ikastetxeak erabaki dezan zertan inbertituko duen. Gainerako %50a udal bakoitzak erabiltzen du ikastetxeetan bertan energiaren aurrezkia eta eraginkortasuna hobetzeko. Errenteriako 50/50 proiektua Cristobal Gamon, Bizarain Langaitz eta Koldo Mitxelena zentroetan garatu da.

Ikasturtean zehar, energia-talde baten bidez, ikastetxeek berek kontsumoa hobetzeko jarduerak eta ekintzak jarri dituzte abian, ohiturak aldatuz. Energia talde horietan eskola-komunitate osoa dago ordezkatuta: ikasleak, irakasleak, garbiketa taldea, jantokiko arduradunak, atezainak eta familiak.

Hezkuntza zentroek burututako jarduerek 11.034,79 euroko aurrezkia ekarri diote Udalari, modu honetan banatuz:

  • Cristobal Gamon Ikastetxea, 7.011,61 euro.
  • Bizarain Langaitz, 3.708,2 euro.
  • Koldo Mitxelena, 314,98 euro.

Proiektu horrek, aurrezte ekonomikoaz eta CO2 isurpenez gain, esperientzia pedagogikoa ere badakar, baliabideak zentzuz erabiltzea pertsona guztien betebeharra dela ulertaraztea azpimarratuz.

Energia berriztagarrien sustapena

2020 urtean udal-instalazio fotovoltaikorik handiena instalatu da, hain zuzen, Niessen eraikinean. Orain, eraikinak 92.68 kWp-ko potentzia duen autokontsumorako instalazioa du. Urtean 96.074 kWh ekoiztuko dituela eta 10.913€eko aurreztuko dituela aurreikusten du Udalak. Proiektuaren kostua 78.496,91€-koa izan da.

Proiektu honen bereizgarritasunik nagusiena autokontsumo partekatuko instalazioa dela da. Hau da, Niessen-en sortutako energia eraikin horretatik 500 metroko erradioan dauden beste ekipamendu eta udal-eraikin batzuetan erabili ahal izango da (kiroldegia, udaletxea, Niessen eraikina bera, etab.).

Partekatutako autokontsumoek instalazio fotovoltaikoen bideragarritasuna hobetzen dute, ekoiztutako energia bertan autokontsumituko delako. Bestalde, babestutako eraikinak direlako, eguzki irradiaziorik jasotzeko aukerarik ez dutelako edo teilatu txikia dutelako instalazio fotovoltaikoak jarri ezin dituzten eraikinek, inguruko eraikinetako energia fotovoltaikoz horni daitezke (legediaren aldaketak hori baimentzen du). Instalazio hau, hortaz, horren adibidea da.

Errenteriako Udalak herritarrei energia ohiturak aldatzeko eta hobetzeko deia egiten die herritarrei, guztion artean COVID-19ak sortutako gizarte- eta ekonomia-krisia gainditu eta klima-aldaketari aurre egingo dion etorkizuna eraikitzen laguntzeko.