Aste honetan banatuko dituzte Bizi Errenteria ekimeneko bigarren kanpainako erosketa bonuak

  • Bonuak Errenteriako etxeetan jasoko dira; jasotzen direnetik urtarrilaren 31ra izango dira erabilgarri. Bakoitzarekin, 10 € edo gehiagoko erosketan 5 €ko hobaria eskuratuko da.
  • Lehenengo bonu kanpainan 235 establezimendutan erabili ahal izan ziren bonuak, eta kopuru hori handitu aldera, Udalak dei egin die atxiki ez ziren establezimenduei orain atxiki daitezen.
  • Udalak 461.620 € bideratu ditu kanpaina honetara.

Errenteriako Udalak, COVID-19ren ondorio ekonomikoei aurre egiteko sortutako Txoke eta Suspertze Planaren baitako Bizi Errenteria programaren barruan, Erosketa Bonuen 2. kanpaina burutuko du abenduaren hasieratik 2021eko urtarrilaren 31ra, ondasunak eta zerbitzuak erosterakoan hobaria eskuratu ahal izateko. Bigarren kanpaina honek jarraipena ematen dio udan egindakoari.

Orduan bezalaxe, Errenteriako etxe bakoitzari dagozkion bonuak posta arruntaz jasoko dira horietan eta bonuen onuradunak 2 motatakoak dira: batetik, etxebizitza berean bizi diren pertsonek osatutako bizikidetza-unitateak, eta, bestetik, 2002 eta 1985 urteen artean jaiotako gazteak, hau da, 18 eta 35 urte bitartekoak; gazteei bonu estrak bidaltzearen arrazoia da eurak direla online erosteko joera handiena dutenak eta, horregatik, bereziki eragin nahi zaiela herrian bertan eros dezaten.

Udalak 461.620 € bideratu ditu herriaren eta herritarren suspertze ekonomiko zein soziala bultzatzea helburu duen kanpaina honetara.

Erosketa Bonuen 2. kanpainak bi berrikuntza nagusi

Bonuen erabilera bultzatu aldera, bigarren kanpaina honetan bi berrikuntza egin dira:

1. Mota bakoitzeko onuradunei 4 bonu bidaliko zaizkie; hau da, 4 bonu bizikidetza unitateari eta 4 bonu 18 eta 35 urte bitarteko gazte bakoitzari.

2. Bonu bakoitzarekin 10 €ko edo gehiagoko erosketatan 5€ko hobaria eskuratuko da eta horrela, aukera gehiago izango dira bonuak erabiltzeko.

Bonuak bateragarriak dira, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren %50a gainditu.

Bonuak erabili ahalko dira Bizi Errenteria programara atxiki diren merkataritza, zerbitzu, ostalaritza edo jatetxeetako eztablezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueratan. Erosketa bonuen lehenengo kanpainan 235 establezimendutan erabili ahal izan ziren bonuak. Kopuru hori handitu aldera, Udalak dei egiten die udan atxiki ez zirenei orain atxiki daitezen, ekimenaren eraginkortasuna areagotzeko garrantzitsua baita ahalik eta herriko eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea.

Atxikitzeko, nahikoa da bizierrenteria.eus web orrian dagoen formularioa bete eta bidaltzea. Bestalde, lehenbiziko kanpainarako Bizi Errenteria programara atxiki ziren establezimenduek ez dute tramiterik egin beharko orain bonuak jaso ahal izateko.

Bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda bizi.errenteria.eus webgunean dago eta, gainera, herritarrek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimenduek Bizi Errenteria ikurra izango dute ikusgai.

Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eta 2. kanpaina honen berri emango da, halaber, bizi.errenteria.eus web-orrian eta Udalaren sare sozialetan.