Euskararen eguna leihoetan eta balkoietan ospatzeko eskatu dute Errenterian arrakastatsu gertatzen ari den Euskaraldiaren arduradunek

Euskaraldiaren Herri Batzordeko kide eta koordinatzailea den Maitane Aizkorretak eta Itziar Ostolazak, Errenteriako Udaleko Hizkuntza Politikarako zinegotziak Euskaraldiaren orain arteko balorazioarekin batera Euskararen eguneko herri ekitaldian parte hartzeko deia egin dute.
Pandemia gogor honek jo badu ere Errenteriarrok gogotsu heldu diote Euskaraldiari: 2100dik gora Errenteriarrek izena eman dute Euskaraldian parte hartzeko Ahobizi (1600 inguru) edo Belarriprest (500 baino gehiago) rola jokatuz. Hau da, egoerak ez lagundu arren, ia 2018an adina pertsonak eman dute izena. Baina, aurten, gainera, 54 erakundek ere izena eman dute, eta horietan 225 arigune sortu dira, euskaraz aritzeko gune mordoa, alegia.
Hori dela-eta, euskararen eguna omenalditxo bat egiteko aprobetxatu nahi dute, eta Errenteriako Euskaraldiaren Herri Batzordeko kideek ekintza bat proposatu diete herritarrei.
Abenduaren 3an, euskararen eguna ospatzeko, kaleak kolorez margotu nahi dituzte eta horretarako, arratsaldeko 19:00etan norbera bere etxeko leiho edo balkoietara irten, eta ikastetxe, euskaltegi zein udal ekipamenduetan banatuko dituzten koloretako makiltxoak astintzea. Herritarrek aukera izango dute, abenduaren 3an bertan 17:00etatik, 18:30era Lau Haizetararen egoitzan edo Merkatuzarren makiltxoak jsotzeko.
Makiltxo hauek, tolestean, barnean duten argia aktibatzen dute, eta ilunpean deigarri geratzen dira. Gailu horien bidez Euskaraldiaren koloreak zabalduko ditugu herrian zehar.
Une hau ikusgarri egiteko, atera argazkiak eta bideoak eta bidali euskaraldia@errenteria.eus helbidera. Sare sozialetan zabalduz gero, aipatu @euskaraldiaerrenteria edota erabili #700baietz traola.
Hori dela eta herritar guztioi parte hartzeko gonbidapena luzatzen dietela berretsi dute.