Gazte Mailako II. Txapelketa Nagusia jokatuko dute igandean, Niessenen

Gazte Mailako II. Txapelketa Nagusia, Gipuzkoar erara, jokatuko dute igandean Niessen Kulturgunean, Erein Elkarteak antolatuta. A eta B mailetako dantzariak arituko dira bertan; D kategoriakoak, aldiz, Legazpin lehiatuko dira, hilaren 12an. Iaz lehenengoz aritu ziren neska eta mutilak elkarrekin, eta aurten bigarren urtez ere hala izango da. Martxoan eta apirilean egin beharreko txapelketak bertan behera utzi zituen osasun larrialdi egoerak, baita maiatzean jokatzekoak ziren finalak ere.

Errenteriako hitzordura urtean zehar jokatutako liga baten ondoren heldu dira, eta igandekoa izango da azken hitzordua, eta garrantzitsuena. Sei dantzari arituko dira A mailan, eta hamabi B mailan. Erregulartasuna saritzeko asmoz, maila bakoitzeko liga irabazleak sari bat jasoko du; A mailan, Maria Sanchez legazpiarrak, B mailan Ane Jaunarena lezoarrak, eta D mailan Mattin Etxebeste oiartzuarrak jasoko dute garaikurra.

Kategoriei dagokienean, A kategorian 2010 eta 2012 urteen artean jaiotakoek hartu dute parte; B kategorian 2007 eta 2009 urteen artean jaiotakoek; eta D kategorian 2005 eta 2006 urteetan jaiotakoek. Maila bakoitzean egin beharko dituzten dantzak ere zehatzak dira: A-koek ‘Txakolin’ eta ‘Agurra’; B-koek, ‘Erribera’ eta ‘Zortzikoa’.