Giza Eskubideen VI. jardunaldiak ospatuko dira ‘Muga ikus(ezinak)’ izenburupean abenduaren 9tik aurrera

Datorren abenduaren 9tik aurrera, asteazkena, Errenteriako Udalak antolaturiko Giza Eskubideen aurtengo VI. edizioak mugimendu askatasunerako eskubidea izango du ardatz.

Abenduaren 9an bertan, ‘Los caminos de la vida’ antzerkia izango da ikusgai Niessen Kulturgunean, arratsaldeko 18:30ean. Antzerkiaren ostean, Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko kideek solasaldian parte hartuko dute. Arteako migratzaile/errefuxiatu etxean bizi diren jatorri desberdineko hiru emakumeek euren bizi-istorioak lehen pertsonan kontatuko dituzte. Gidoia eta obran agertzen diren dantzak haiek sortu dituzte eta musikak ere haiek hautatu dituzte. Hiru emakume ahaldunduek haien sorterritik abiatuta egungo bizilekuraino egindako bidearen kontakizuna eszenatokira ekarriko dute.

Film laburren emanaldia abenduaren 10ean goizeko 10:00etatik 11:00etara izango da Koldo Mitxelena Institutuko areto nagusian. Hain zuzen ere, Emaús Gizarte Fundazioak eta Koldo Mitxelena Institutuko gazte talde batek etxerik gabeko pertsonen egoerari buruzko sentsibilizazio prozesu batean parte hartu osteko istorioak baliatuta, 3 film labur izango dira ikusgai.

Arratsaldean, ‘Mugan’, hitzaldia, Niessen Kulturgunean, 18:30ean izango da. Parte hartuko duten hizlariak lau izango dira. Montse Sanchezek, Caminando Fronteras eragiletik, hain juxtu, ‘La Vida en la Necrofronteras’ txostena landuko du. Mohcen Hammanek Algecirasetik, el saladillo elkartetik, harrera politikak, egungo pandemia egoera nahiz sentsibilizaziorako Tanger hiritik landuriko proiektu baten esperientzia hurbilduko ditu. Zaporeak elkarteko eta Salvamento Marítimo Humanitarioko kide banak, hurbileko eragileak diren aldetik, mugan diharduten proiektuak eta egungo testuingurua agertuko dituzte.

‘Hamada’, filmaren proiekzioa abenduaren 11n, 18:30ean, Niessengo auditoriumean izango da. Euskadiko Saharar Delegaritzako delegatua den M.Liman Mohamed Alik solasaldian parte hartuko du. Jatorrizko bertsioan emango da, euskarazko azpitituluekin.

Eloy Domínguez Serén zuzendariak bizitasuna eta umorea baliatu ditu, Hamada filmean Saharako basamortu harritsuaren erdian kokatzen den errefuxiatu-kanpamentu batean bizi den gazte-talde baten erretratu ohiz kanpokoa egiteko. Lagunek sormenaren eta dibertimenduaren ahalmena baliatzen dute inguruko errealitatea salatzeko eta kanpamentuaren mugetatik haratago iristeko.

‘Harresirik gabeko lurrak eta urak’, ekitaldia, abenduaren 12an: ‘Migrantea’ deituriko eskultura eta atzean duen mosaikoa argiztatuko dira. “Giza eskubideak orain, guztientzat” izenburupean, Alamedan kokatua dagoen Migrantea eskulturari plaka bat eta argiteria jarriko zaizkio. Plakako olerkia Oscar Mansok sortu du, eta Idoia Hernandezekin batera, 2Bat taldeko kide diren aldetik, musikarekin eta olerkiekin giza eskubideen aldeko memoria eta aitortza sortuko dute. ‘Migrantea’ eskultura Alvaro Ledesma artistak sortu zuen Migranteen alde 2018an. Ekitaldi hau eragileei zuzendua eta gonbidapenarekin izango da edukiera kontuak direla-eta.

‘Zutik, hautsaren eta hondarraren artean’, erakusketa, abenduaren 9tik 19ra bitartean, Xenpelar Etxeko erakusketa aretoan izango da. Nuria Gonzalezek ateratako argazkiak ikusgai izango dira bertan. Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsaren aldeko borroka osatzen duten pertsonak banaka, antolaketan edo komunitatean ikusarazten ditu.

Saharako gaztediak eskubide anitzen urraketa jasaten du behin eta berriz, nazioarteak oraindik ere ez du erantzunik ematen. Ondorioz, garrantzitsua da gazteek hezkuntzarako eta eraginerako dituzten gaitasunak garatzea, bizi duten errealitateaz jabetzeko eta aldatzeko.

Ekintza guztiak doakoak izango dira baina, edukiera neurriak betetzeko, sarrerak hartu beharko dira, hitzaldirako, filmerako eta film laburren emanaldirako eta antzerkirako, dela BIBE webgunearen bidez edota dela Niessen Kulturguneako harreran.

Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi dizkie jardunaldietan edukiz eta interes handiz parte hartu duten guztiei baita karteleko irudia egin duen Maite Rosende egileari.