Baserritar jantzien erakusketa zabalik Jantziaren Zentroan

Urtero Iraultza Dantza taldeak Gabon jaietan egin ohi duen baserritar jantzien erakusketak asteburuan zabaldu ditu ateak.

Duela ehun urte gure baserritarrek soinean eramaten zuten jantzia ezagutzeko aukera du Jantziaren Zentrora hurbiltzen den orok abenduaren 5 etik urtarrilaren 3 ra bitarte.

Kapitain-etxearen behe solairuan kokatutako erakusketak aretoko bi paretak hartzen ditu. Orotara 12 jantzi dira, 10 emakumezkoenak eta bi gizonezkoenak. Guztiak XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkietan oinarritutako erreprodukzioak dira.

Jatorriari dagokionez; Gipuzkoa, Bizkaia, Zuberoa, eta Lapurdiko jantziak dira. Zehazki Hondarribia, Legazpia, Beasain, Azkoitia, Atharratze eta Arratiako bailarako jantziak ikus daitezke.

Jantziekin batera erakusketan argazki zaharrak daude ikusgai. Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853/Bilbo 1943) argazkilari bilbotarrak duela ehun urte baino gehiago Euskal Herriko baserritarrei ateratako irudiak dira gehientsuenak. Abaituak bi milatik gora argazki atera zituen, gehienak Euskal Herriko herritar zein tradizioen ingurukoak eta jaietan egindakoak dira. Bilduma Bilboko Euskal Museoaren esku dago gaur egun.

Erakusketarako sarrera doakoa da eta ordutegiari dagokionez, asteburu eta jai egunetan egongo da zabalik, larunbatetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

San Tomas egunean, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6ean Jantziaren Zentroa itxita egongo da.