Kultur Malutak, programa zabal eta anitza

Kultur Malutak lelopean abenduaren erdialdetik urtarrilaren erdialdera luzatuko den kultur egitarau zabala aurkeztu du Udalak. Herriko eragileekin batera sortutako egitaraua dela azpimarratu nahi izan du Aizpea Otaegi alkateak prentsa aurrean. Xehetasun guztiak azaltzeko ondoan izan ditu Itziar Ostolaza Euskara eta Hezkuntza zinegotzia eta Maite Gartzia Gazteria zinegotzia.

Covid 19ak sortutako pandemia dela-eta, ezingo dira sasoi honetan ohikoak diren hainbat ekintza gauzatu aurten. Egoera honen aurrean, eragileekin elkarlanean errenteriarrei alternatibak emateko eta ilusioa piztuta mantentzeko lanean aritu direla esan du alkateak : “Herritik mugitu gabe aisialdiaz gozatzeko aukerak eman nahi ditugu; kultur eskaintza herritarren eskura jarri nahi dugu, beti ere, ikusleen segurtasuna lehenesten duen protokolo batean oinarrituta”.

Kultur Malutak Errenteriak berezkoa duen egiteko modutik abiatuta sortu dutela ere adierazi du, hots, “herritik eta herriarentzat”. Hau horrela, publiko guztiei zuzendutako egitarau zabal eta anitza osatu dute: “Musikak, dantzak, antzerkiak, zirkuak… tokia izango dute auzo eta espazio ezberdinetan prestatuko ditugun eszenatokietan”, jakinarazi du.

Programazioaz gain, eta herriko ekonomia suspertze aldera, kaleak ere girotu nahi izan dituztela aipatu du Otaegik eta hala, musika eta argiztapen berezia izango direla Beraun, Iztieta eta erdiguneko kaleetan.

Leiho digitala

Kultur Malutak aterkipean sortutako ekintza hauen guztien berri emateko leiho digitala sortu dutela adierazi du Itziar Ostolazak: herribizia.errenteria.eus/kulturmalutak. Bertan izango da ikuskizun guztietarako sarrerak eskuratzeko modua.

Baina ez hori bakarrik, Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoak ere izango dira txoko horretako protagonista.

“Aurten Olentzero eta Mari Domingi ezin izango dira, ohi bezala, kalean ibili baina haurrak ez ditugu utzi nahi beraiekin hitz egin, gutuna eman eta argazkia ateratzeko aukera gabe”, esan du Ostolazak. Hala, abenduaren 23 eta 24an herriko toki ezberdinetan izango direla jakinarazi du eta segurtasun neurri guztiak betetzeko, ezinbestekoa izango dela txanda hartzea.

Olentzero eta Mari Domingiren presentzia, baina, ez da horretara mugatuko, izan ere, Lau Haizetara Elkartearekin landutako bideoa, gutuna eta euren mezu elektronikoa jasotzeko aukera izango baitute herriko txikienek.

Oarsoirriak taldeak sustatutako proposamen batek ere izango du lekua web orri berrian: Kutxa Magikoa. Ekimen honi esker, mundua hobetzeko proposamenak egin ahalko dituzte familiek.

Errege Magoen txanda

Abenduaren amaieratik aurrera, Errege Magoek hartuko diete lekukoa Olentzero eta Mari Domingiri. Maite Gartziak azaldu duenez, kabalgata ere ezingo da egin urtarrilaren 5ean baina, kasu honetan ere, haurrek euren gutuna emateko aukera izango dute Merkatuzarren eta Fanderia eta Beraungo frontoietan. Horretarako txandak hartzeko aukera abenduaren 26an zabalduko da.

Amaitzeko, Udal Ludoteken eskaintzaz hitz egin du Gartziak. Eskola opor egunetan ohiko den goizeko ludoteka zerbitzuaz gain, eskaintza berezia izango da aurten: abenduaren 22, 23, 29 eta 30ean, arratsaldean, Familia Ludoteka Kalean ekintza izango da. Koldo Mitxelena ikastetxeko patioan izango da, bi txandatan banatuta: 17:00etan lehendabizikoa eta 18:30ean bigarrena. “Herriko familia guztiei luzatu nahi diegu bertaratzeko gonbita eta parte hartzera animatu nahi ditugu”. Ekintza honetan parte hartzeko ere tokia erreserbatzea beharrezkoa dela esan du.