Errenkoaldek bizikleta bidezko etxez etxeko banaketa zerbitzua abian jarri du

Merkataritza 2020-12-11 | 0

Errenteriarren erosketa esperientzia hobetzeko asmotan, Errenkoaldek etxerako banaketa zerbitzua abian jarriko du. Errenteriako merkatari eta ostalarien elkarteak egoerara egokitzeko eta zerbitzuak hobetzeko hausnarketa prozesuari ekin zion eta horren ondorioa da ‘Nik Errenterian!’ ekimena osatzera datorren zerbitzu berria. Erositako gaiak garraiorako prestaturiko bizikletaz egingo da astelehenetik ostiralera 18:30tik 20:30era.

Errenkoaldeko lehendakari den Maika Martinek gaur ezagutzera eman du Errenteriako Udalak babesten duen banaketa zerbitzua. Banaketarako bizikletaren aldeko apustua nabarmendu du merkatarien ordezkariak “jasangarria izango den merkataritza nahi dugu, eta banaketak ere ezaugarri horiek behar ditu, ezin dugu banaketan kutsadura sortu”.

Errenteriako Udalak zerbitzu honen hiru hilabeteko probaldia babestuko du. Aizpea Otaegi alkateak azaldu duenez, “merkataritza estrategikoa da guretzako, ez bakarrik tokiko ekonomia garatu behar delako, baizik eta merkataritzak herria biziagoa egiten duelako”. Arrazoi horregatik beragatik, alkateak Errenkoalderen ahalegina eskertu du. Era esandakoa osatu du. “Gure babesa ohitura sortzera bideratuta dago, herrian erosteko ohitura finkatzera, alegia”.

Banaketa sistema honetan parte hartuko duten establezimenduen zerrenda Nik Errenterian eta Bizi webguneetan ikus daiteke. Datozen egunetan zerrenda zabaltzeko animatu nahi izan dituzte proiektuaren arduradunek. Izan ere, ekimen honetan, Errenkoaldeko bazkideak ez ezik, herriko beste merkatari guztiek ere parte hartu ahal izango baitute, Errenkoalderekin harremanetan jarrita. Banaketaren kosteari dagokionez, erosleen eta saltzaileen artean ordainduko dute. Martinek azaldu dudenez,”erosleak eta saltzaileak euro bana ordainduko dute”. Beraz, herritarrek establezimenduak eskaintzen dituenen artean nahi duten moduan erosi eta etxean jaso dezakete produktua. “Hau merkataritza fisikoa osatzera dator, ez ordezkatzera”, gehitu du merkatariak.

No comments yet.

Utzi erantzuna