Gladys del Estali buruzko dokumentala ikusgai izango da ostegunean Xenpelar Etxean

Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondoren, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, 1979an, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Hemendik hurbil, Tuteran, ekitaldi bat antolatzea erabaki zen, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen laugarren bat eraikitzeko proiektua bait zegoen.

Topaketa hartan, era berean, Bardeetako tiro-eremua desegitea ere aldarrikatu asmo zen. Gladys del Estal Ferreño Donostiatik Tuterara joan zen, baina ez zen itzuli. Guardia Zibil baten tiroak bizitza kendu zion manifestaldi baketsu eta baimendu hartan. Dokumentalak asmo bikoitza du: batetik, 23 urteko gaztea zein zen eta gertakariak nola jazo ziren ezagutaraztea; eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri ematea.

Gladys, ordea, ez zen izan garai hartan bortizki erahil zuten pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jasotzen ditu filmak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatzen du.

Udalak ahotsa eta eskertza eman nahi dio mugimendu antinuklear eta ekologistari, memoria historikoa goraipatuz. Horregatik, abenduaren 17an (osteguna) arratsaldeko 19,00etan Madalena kaleko Xenpelar Etxean Gladys del Estali buruzko dokumentalaren emankizunean eta geroko solasaldian lagundu du Udalak.

Sarrera doakoa izango da, baina online erreserbatu behar da http://bibe.me/events helbidean. 20 lagunentzako aforo-muga izanik, pertsona bakoitzak gehienez 2 sarrera hartu ahalko ditu.

COVID-19 izurritea dela-eta, hurrengo prebentzio neurriak hartuko dira:

  • Ikuskizuna izango den espaziora sartuta, antolatzaileek adierazitako eserlekuan kokatuko da publikoa. Musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da.
  • Gel hidroalkoholikoa: ikuskizuna izango den espaziora sartzerakoan erabili nahi duenarentzat eskuragai egongo da.
  • Behin emanaldia amaituta, eserlekuan itxarongo da, berriro ere errespetuz eta jendearen arteko segurtasun distantzia mantenduz atera ahal izateko.