Baserritar jantzia jantzi eta etxean txistorra jatera animatu ditu herritarrak San Tomas Batzordeak

Aurten Zumardian eta herriko kaleetan ohiko moduan San Tomas ospatzeko aukerarik egongo ez bada ere, Errenteriako San Tomas Batzordeak deia egin du baserritar jantzia janzteko eta etxekoentzako txistorra pintxoa zein taloa prestatzeko.

Gainera, batzordeko kideek gogorarazi dute herrigintzan sinesten dutela, eta koordinazioa, elkarlana eta talde-lanean aritzearen garrantzia azpimarratu dute, beste behin ere. Halaber, ohartarazi dute naturaren zaintza ezinbestekoa dela guztion bizitzan, inguruaren zaintza, elkarrekiko zaintza… Eta errespetua dela horren ardatza, norbanakoarekikoa, animaliekikoa, aurrean dugunarekikoa. Era berean, adierazi dute herriko eta bailarako baserritarrak dituztela gogoan, ezin izango baitituzte hauek haien produktuak aurten erakutsi eta salgai jarri, herritarrek eskura ditzaten. Halere, azpimarratu dute garaian garaikoa eta herrian bertan kontsumitzeak duen ezinbestekotasuna. Bestalde, elkarren artean komunikatzeko euskara erabiltzeko deia ere zabaldu dute.