Miren Urbieta sopranoak kontzertua eskainiko du ostiralean Fatimako elizan, Amaia Zipitria piano-jotzaileak lagunduta

EMKE – Errenteriako Musika Kultur Elkarteak antolatuta, eta “Gure Bakarlariak” zikloaren barruan, Miren Urbieta sopranoa arituko da abenduaren 18an, ostirala, 19:00etan, Fatimako elizan, Amaia Zipitria piano-jotzailearekin batera.

Kontzertu horrekin amaiera bikaina eman nahi dio EMKEk 2020ko denboraldiaren azken txanpari, Errenteriako Musika Bandarekin aurrez aurreko kontzertuak egitea ezinezkoa baita.

Kontzertura joateko ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea Niessen Kulturguneko leihatilan abenduaren 17tik aurrera, edukiera mugatua dela-eta.

“Joan den 2019ko denboraldian Miren Urbietak kontzertua eskaini zigun, kasu hartan Errenteriako Musika Bandaren partaidetzaz, Alain Ayerdiren zuzendaritzapean. Kontzertu hartan soprano donostiarraren ahotsaz gozatzeko aukera izan genuen bertaratutako guztiok. Gure panorama operistikoko ahotsik onenetakotzat hartuta, Miren Urbietak bere ahotsaz berriz gozatzeko aukera eman digu, Amaia Zipitria piano-jotzaile handiak lagunduta, eta elkartean aukera baliatu dugu oso denbora epe laburrean kontzertua antolatu ahal izateko” – azaldu dute EMKEko ordezkariek. “Gure musikaren bi balio handi, aurrez aurre, Miren Urbieta eta Amaia Zipitria, “Gure bakarlariak” bezalako zikloak antolatzearen garrantzia agerian uzten dutenak, bertako gure artisten lanaren erakuslehio herritarron aurrean”.

“Kontzertu honekin – adierazi dute EMKEko iturriek – Covid-19ak jotako denboraldi “berezi eta astunaren” azken txanpari ekingo diogu. Denboraldi zeharo ezberdina, eta ahalegin handia egitera behartu gaituena gure barne-funtzionamendua egokitzeko, entseguak eta kontzertuak kokatzeko eta formatuak eta proposamenak bizi dugun “errealitate berrira” egokitzeko. Irudimen-ariketa itzela, kasu batzuetan – jarraitu dute –, helburua lortzeko, ezbeharrei aurre egiteko eta kontzertuak antolatzen eta herritarrei kultura eskaintzen jarraitzeko. KULTURAK EZIN DU ETEN” – azpimarratu dute.

Denboraldiko azken zatiaren programazioari dagokionez, ostiraleko emanaldiaren ondoren Errenteriako Musika Bandako musikariek online programazioa jarriko dute abian, EMKEren www.emkebanda.com webgunearen bidez. Gabonei eskainitako bi kontzertu labur izango dira, eta Angel Brizen moldatutako bi Gabon kanta gozatzeko aukera eskainiko dute.