Ostalarien lana balioan jartzeko kanpaina aurkeztu du Bizi Errenteriak

Errenteriako Udalak, COVID-19ren ondorio ekonomikoei aurre egiteko sortutako Talka- eta Suspertze- Planaren baitako Bizi Errenteria programaren barruan, ostalaritzaren lana balioesteko kanpaina aurkeztu du. Aurkezpena Aizpea Otaegi alkateak, Lekuzarra tabernako Itsaso Garayarrek eta Manuel garagardotegiko Javi Garciak egin dute, azken honen tabernan.

Apirilaz geroztik askotarikoak dira Bizi Errenteria ekimenak abiatu dituen ekintzak: bi erosketa-bonu kanpaina eta merkataritza eta ostalaritza dinamizatzeko jarduerak sei sektoretan banatuta: dendak, zerbitzuak, osasuna eta edertasuna, aisia, formakuntza eta kultura, kirola eta azkena gastronomiari dagokiona.

Hain zuzen ere, azken honetan kokatzen dira ostalariak eta sektore hau bereziki pairatzen ari denagatik, ostalaritza indartzeko komunikazio kanpaina gauzatu da Errenteriako ostalarien jarduna gogora ekarriz eta kanpainaren protagonismo guztia eurengan ezarriz.

‘Ostalaria naiz. Errenteriarra naiz. Errenteria bizi dut’ lelopean, kanpainak  honek, ofiziotik haratago, Errenteriako bizilagun gisa ere erakutsi nahi ditu ostalariak. Bizi Errenteriaren bokazioarekin bat etorriz, Errenteriako sektore ekonomikoen arteko harremanak sendotu eta herriaren eta herritarren ekonomia suspertzen laguntzea da helburua.

Kanpaina lau kartelez osatzen da: Aker Kafeko David Muñoz “Mendeku”, Iratxo tabernako Amagoia Sarasti, Benito Tabernako Nacho Simon eta Lekuzarrako Itsaso Garayar dira protagonistak.

Baina ez hori bakarrik. Bideo bat ere egin dute Limerick-eko Jon Arruti, Manuel Tabernako Javi Garcia, Errota tabernako Edurne Terrazas eta Aita Donosti tabernako Ainara Alvarezen testigantzekin. Guztiek egungo egoera nola bizitzen ari diren kontatu dute, bai eta ostalari ofizioa eta ostalaritzak gizartean duen rola azaltzen dute.

Sektore eredugarria

Alkateak azpimarratu nahi izan du Errenteriako ostalaritza sektoreak pandemia garaian izan duen portaera eredugarria izan dela eta herritarrak hainbeste ekarpen egiten duen sektore hori zaintzera deitu ditu.

Era berean, esan du Udala ahal duen guztia egiten ari dela ostalarien ondoan egoteko eta ahal den neurrian laguntza emateko. Gainera, azaldu du udalaren diru-laguntza eskatu duten ostalaritza-establezimenduen % 70ek dagoeneko jasoa dutela laguntza.

Bestalde, Javi Garciak eta Itsaso Garayarrek eskerrak eman nahi izan dizkiote Errenteriako Udalari kanpaina hau martxan jartzeagatik, izan ere, “ilusio eta batasun kutsua du eta itsasaldi zail honetan ez garela bakarrik ibiltzen erakusten digu”.

“Herri bat gara eta herria egin behar dugu”, esan du Garciak.