74. Gabon Abestien Sariketa Probintzialak formatu berezia izango du

Aurten Gabon Abestien 74. Sariketa Probintziala ezberdina izango da pandemia dela eta. Formatu birtualean egingo da, aurrez aurre egin ohi duten ekitaldian 1500 pertsona inguru biltzen baitira urtero, eta hori, momentu honetan, ezinezkoa baita.

Hala eta guztiz ere, Ereintza Elkarteak, ekitaldi honen sorrerako ideiari leial, Gipuzkoan Eguberrietako abesbatzen musikari lagundu nahian jarraitzen du. Horregatik, Gabon kantak Gabonetan gurekin egotea nahi dute.

Horretarako, ekimen bikoitza proposatu dute:

1 – ‘Gabon Sustraiak’, 74. Gabon Abestien Sariketa Probintziala

Alde batetik, 74 Gabon Abestien Sariketa Probintzialaren deialdia egin dute, haur eta gazte abesbatza federatuei zuzenduta.

Herri bakoitzeko Gabon kanta herrikoiak online interpretatzean datza, normalean herri horretatik kanpo ezezagunak direnak.

Orain arte gure musikagileen interesik piztu ez duten antzinako doinu horiek berreskuratu, garatu eta Gabonetako euskal abesbatzen errepertorioan sartu nahi dira. Horregatik jarri diote ‘Gabon Sustraiak’ izena ekimenari.

Parte hartuko duten abesbatzek bideo bat grabatuko dute eta hiru sarietako bat eskuratzeko aukera izango dute. Irabazleak abenduaren 26an jakinaraziko dira, 18:00etan, sare sozialetan.

2 – Hiru bideo parte-hartzaile grabatzea eta editatzea

Helduei dagokienez, proposamena da Gabon kanten 3 bideo parte-hartzaile grabatzea “autograbazio” sistemaren bidez, ondoren taldeka muntatzeko.

Antolatzaileak abesbatza bakoitzeko arduradunekin jarri dira harremanetan, eta horiek, abesbatzako kideekin; hala, lortu dute lehiaketarekin duten loturari eustea.

Bideoak ‘Olentzero’, ‘Hator, hator’ eta ‘Mesias sarritan jazz’ dira.

Hiru bideo horiek abenduaren 24an argitaratuko dira, 18:00etan, sare sozialetan.