Errege Magoek umeen bisita jasoko dute urtarrilaren 5ean

Gazteria | Kultura 2020-12-23 | 0

Kultur Malutak lelopean, Errenteriako Udalak kultur egitarau zabala antolatu du, eta horren barruan Erregeen Harrera dago.

Programazio berezi hau herriko eragileekin batera sortu dute, Errenteriaren bereizgarri den “Herriko eta herriarentzako” egiteko modua oinarri hartuta.

Covid-19ak sortutako pandemia dela eta, Errege Magoek ezin izango dute Errenteriako kaleetan ibili aurten, baina haurrek urtarrilaren 5ean eman ahal izango diete gutuna, 16:00etatik 20:00etara, udalerriko hiru tokitan.

Horrela, Meltxor erregeak Merkatuzarreko Jose Luis Caso aretoan jasoko du haurren bisita, Gasparrek Beraungo frontoian eta Baltasarrek Fanderiako frontoian.

Gutuna eman eta argazki bat atera ahal izateko, ezinbestekoa izango da familiek txanda aurretik gordetzea.

Gonbidapen horiek nola lortu jakiteko, txanda erreserbatu ahal izateko eta Errege Magoen agurra jasotzeko herribizia.errenteria.eus/kulturmalutak bisitatzea gomendatzen da abenduaren 26tik aurrera.

Errenteriako Udalak zein Elipsis, Jai Toki, Egiluze- IGEa eta Telleri-IGEa, Gazteria azpisailarekin batera harrera antolatzen duten erakundeek, arratsaldeko protagonistak izateko gonbita egin diete txikienei eta haien familiei.

Gainera, eskerrak eman dizkiete aldez aurretik parte-hartzaileei boluntarioen argibideak jarraitzeagatik; izan ere, boluntarioek uneoro zainduko dute harrera horretaz gozatzea, segurtasun-neurriak betez.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna