Hezkuntza proiektuan integratutako baso-eskola jarri du abian Orereta Ikastolak

Aire zabaleko gune pedagogikoa jarri du martxan Orereta Ikastolak, bere hezkuntza proiektu osoaren parte izan, eta hura indartzeko, aberasteko eta osatzeko asmoz. Hau da, hezkuntza proiektuaren oinarri eta helburu pedagogiko berberak ditu baso-eskolak. Ez da haren osagarri, haren parte baizik; ohiko eskola-jardunean egiten dena aire zabalean egin ahal izateko (esplorazioa, matematika…).

Ikastolatik honako hau azaldu dute: “Natura ikasgelara ekartzetik edota ikasgela naturara zabaltzetik haratago, basoa bera bihurtzen da ikasgela, bere errutina, arau eta edukiekin. Azken horiek -edukiak- kurrikulum ofizialean oinarrituta daude eta baliabide didaktiko garrantzitsuena natura bera da. Horrez gain, haurraren eta naturaren arteko elkarrekintzari esker, ikasleen garapen osoa bultzatzen da”.

Ikastolako arduradunek azaldu dute basoa hezkuntza proiektuan integratzeak bereizten duela Añabitarteko baso-eskola ezagutzen ditugun ohiko beste baso-eskoletatik: haurrak ez dira Ikastolatik eta ikasgelatik “ateratzen” baso-eskolan edo baso-eskolara joateko.

Kutxa Ekoguneako lantaldearen laguntza eta aholkularitzaz, orain hilabete jarri zen martxan aire zabaleko gune berria eta, momentuz, HH3tik LH3ra arteko ikasleek erabiltzen dute modu jarrai eta sistematikoan.