‘Errenteriako uzta’, bertako produktuak eta ekoizleak ezagutarazteko kanpaina

  • Kanpainaren helburua udalerrian ekoizten dela ikusaraztea da, bertako produktuak eta ekoizleak ezagutaraztea eta euren salmenta herrian indartzea.
  • Covid-19aren ostean ekonomia sustatzeko Talka- eta Suspertze-Planaren baitan martxan jarri zen BIZI Errenteria egitasmoan kokatzen da kanpaina.

Hiru helburu nagusirekin jarri zuen abian Errenteriako Udalak Bizi Errenteria egitasmoa: Errenterianko biztanleek bertako aukerak hobetsiz tokiko ekonomia-eredua balioestea, ekonomia zirkularra indarrean jartzea eta Errenteriarren arteko erlazioak sendotzea. Bide honetan sektore desberdinekin lan ildo anitzak martxan jarri dira. Gaur, herriko lehen sektorearekin gauzatu den kanpaina aurkeztu du Udalak, ‘Errenteriako Uzta’ lelopean. Nekazaritzaren inguru aurrera eramandako ekimen hau Errenteriako Udalak apirilean onartu zuen Covid-19aren eragina arintzeko Talka- eta Suspertze-planaren barruan dago, zehazkiago, bere 13. lan ildoan.

Errenteriako ekoizleen lana balioan jartzea, udalerrian ekoizten diren produktuak ezagutzera ematea eta herritarrek ere ekoizleengana hurbiltzeko aukera izan dezaten erraztea xede du kanpainak. Egitasmoaren baitan, euskarri desberdinak sortu dira helburu hauek aurrera eraman ahal izateko, besteak beste, kanpainaren kartela, ekoizle bakoitzaren informazioa biltzen duen euskarri digitala eta bideoa. Honez gain, bizi.errenteria.eus atarian atal propioa sortu da Errenteriako ekoizleen informazioarekin.

Errenteriako uzta

Kanpainaren irudiak ekoizleen errealitate anitza kontuan hartu nahi izan ditu, bertako produktuak daudela ezagutzera eman, horien aldeko kontzientzia eta joera sortzeko. Uzta hitza, 1. sektorearekin lotutakoa izanik, lanaren eta egindako esfortzuaren emaitza eta fruitua iradokitzen ditu. Eta gaztelaniaz, berriz, naturalmente adberbioak, berrespen moduan, naturaltasunez, normaltasunez iradokitzeaz gain, naturala, naturatik eratorria denaren ezaugarria azpimarratu nahi du.

Landutako euskarrietan Errenteriako ekoizleak dira protagonista. Modu honetan, Bizi Errenteria egitasmoaren ildo nagusiari jarripena eman nahi izan zaio, izan ere, proiektuak pertsonak nabarmendu nahi izan ditu martxan jarri dituen kanpaina guztietan: herria pertsonek egiten dutelako. Negozio, denda, taberna, jatetxe edota bertako produktuen ekoizpen guztien atzean pertsonak daudelako.

Ekoizleen eta herritarren arteko zubi-lana

Covid 19 dela eta, hainbat ekoizleren salmenta bideak eten egin direnez, Udalak martxan jarri duen kanpaina honek herriko ekoizleak eta herritarrak harremanetan jarri nahi izan ditu. Zubi-lana egin ahal izateko sortutako euskarrietan harremanetarako datuak topatuko dituzte herritarrek.

Errenteriako ekoizle zerrenda

  • Labaka Tomateak
  • Aparola Zarra Baserria
  • Larreaundi Baserria
  • Lurraren Orena
  • Isturitzaga Bekoa
  • Usaskue Baserria
  • Barin Baserria
  • Basasoro Baserria
  • Bordazar Baserria
  • Bordondo Baserria
  • Eguzki Borda Baserria
  • Aparola Baserria
  • Egi-Luze Sagardotegia
  • Landarbaso Mintegiak