Abenduaren 19an Andra Mari abesbatzaren kontzertura joan ziren ikusle-entzuleen artean ez dago agerraldirik

COVID 2020-12-29 | 0

Joan den astean Osasun Sailak eta Osakidetzak abenduaren 19an Andra Mariren kontzertuan izan ziren pertsonei eskatu zieten PCR proba egitera joateko, abesbatzako kideen artean izandako agerraldi baten ondorioz.

Probak larunbatean egin zituzten, hilak 26, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie ikusle-entzule egon zirenei, baheketaren aurrean emandako erantzunarengatik eta erakutsitako ardurarengatik.

Halaber, Udalak eskerrak eman dizkie Osasun Sailari eta Osakidetzari artisten artean emandako agerraldiaren ondoren publikoaren artean baheketa egiteko erabakiarengatik. Kultur-jardueretan publikoa babesteko hartzen diren neurriak zorrotz bete ziren arren, gauden egoera pandemikoan egonda, zuhurtziaz jokatzea zen onena.

Baheketaren emaitza

Artisten artean agerraldia gertatu eta jende asko kutsatu den arren —kontzertua eman zutenen artean, 62 partaideetatik 34 izan dira positiboak— , baheketak erakutsi du publikoaren artean ez dela agerraldirik egon. Ikusle-entzuleen artean egindako PCR probetan 9 positibo egon dira, horietarik 6 herrian bizi dira eta 3 herritik kanpo. Osasun Publikoak adierazi dio Udalari ez duela ikusten, momentuz, neurri gehiago hartzeko beharrik.

Zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko deia

Bukatzeko, azken egunetako datuak ikusita —Errenteriako inzidentzia tasa metatua Gipuzkoako batez bestekoa baino 109 puntu altuagoa da—, orain arte bezala zuhurtziaz jokatzeko eskatu die Udalak herritarrei, nork bere burua zainduz guztiok elkar zaintzeko.

No comments yet.

Utzi erantzuna