Oiartzo Ikastolako Eguberriko Topaketa ospatu da

  • Iazko ikasturtean batxilergoa bukatu zuten 92 ikasleei ekitaldi xumea eskaini zaie

Oiartzo batxilergo-ikastolako Eguberriko Topaketa ospatu zen abenduaren 23 ilunabarrean Niessen aretoan; aurten COVID-19agatik, ikasleekin bakarrik, irakasle eta familiarik gabe. Oiartzo Ikastolako zuzendari eta lehendakariak eman zioten hasiera ekitaldiari, iaz ikasketak bukatu zituzten ikasleei zorionak emanez, etorriko direnei ongietorria eginez, irakasle eta langile taldea eskertuz eta Ikastolaren etorkizuneko erronkak aipatuz.

Ohiturari jarraiki, ikasleek ere hartu zuten hitza; eta aurten ahotsa ere bai, kantu bat ere eskaini baitzuten Ekain eta Malen Elizasu anai-arreba oiartzuarrek. Hori eginda, oroigarria eman zieten testigu gisa egun DBH bukatzen ari diren Haurtzaro eta Orereta Ikastoletako kideei. Erretiroa hartzear diren irakasleak gogoratu ostean, ikasleek beren ikas-bizitzako argazkiekin osatutako bideo laburra jaso zuten opari gisa.

Ikastolako egungo lehendakariaren azken ekitaldia

Pasa den asteko Eguberriko Topaketa izan zen Xabier Egibar Gainza Oiartzoko egungo lehendakariaren azken ekitaldia karguan. Patronatuko kideei, zuzendaritza-taldeari eta profesional guztiei eskerrak emanez eta hurrengo lehendakariari, Maider Gezalari, munduko zorterik onena opaz agurtu zen.